Uhartea da donostiarren altxorra
Uztailaren 1ean ireki zuten Santa Klara irla bisitarientzat. Berez, hilabete lehenago zabaldu ohi da, baina COVID-19ak eta itsasargiko lanek eragin dute atzerapena. Uhartea beste urteetako normaltasunetik urrun dago, eta bisitarien kopurua tantaka ari da hazten. Egoerak hobera egiten duenerako uda joanda izango da, eta ordurako irla ez da orain artekoa izango. Itsasargiak bere baitan izango du Cristina Iglesiasen eskultura.
«Irla han da / urrutian / amets guztiak egia diren / inon-ezko parajean», dio Joxerra Garziak idatzitako poema batek. Santa Klara han da, Kontxako badiaren erdian. Hiriko uharte bakarra ez ezik, Gipuzkoa osokoa ere bada. Altxorra irla bera da donostiar askorentzat, familia eta naturzaleentzat. Udan txalupa motorduna hartu eta uhartera egun-pasa joaten diren norbanako zein familiak ohikoak dira. Uretako ibilgailu baten bidez eta igerian joaten direnak ere badira. Eta noski, eguneko bisitari zein turistek ere Santa Klara ezagutzeko aukera aprobetxatzen dute. Egoera normal batean, horixe litzateke irlaren udako bizitza. Ordea, han ere normaltasunik ez da.
Koronabirusak eragindako krisia uharteraino iritsi da. Uztailaren 1ean zabaldu zuten bisitarientzat Santa Klara irla. Normalean baino hilabete beranduago. Gainera, irekiera ez da erabatekoa izan, uharteko gune guztiak ezin direlako bisitatu. Itsasargian egiten ari diren lanek baldintzatu dute normaltasuna, irekiera atzeratzearekin batera. COVID-19aren ondorioz, obrak denbora batez eten zituzten, eta materialak irlako moilan pilatu. Taberna nahi baino beranduago zabaldu dute, eta txalupa motordunak geldirik izan dituzte uhartera joateko baimena jaso arte.
Santa Klara bisitariei zabaldu aurretik berrabiarazi zituzten lanak. Itsasargian jarriko dute Cristina Iglesias artista donostiarraren eskultura bat. Asteartean eraman zituzten piezak helikopteroz, Pasealeku Berritik uhartera. Iglesiasek eta Eneko Goia alkateak bertatik bertara jarraitu zuten prozesua. Obra bide onetik doala nabarmendu zuen Goiak, eta Iglesias «hunkituta» eta «pozik» agertu zen proiektua «fase garrantzitsuenean» sartu delako. Lanak azarorako bukatzea aurreikusten du Donostiako Udalak, eta datorren udaberrian bisitatuko ahalko litzatekeela adierazi dute.
Irlara bidaia
Txalupa motorduna hartzea da erosoena Santa Klara uhartera joateko. 1942tik Isturiz familiak kudeatzen du zerbitzua Donostiako kaian. Azken hogei urtean Nautikoaren ondoan izan dute leihatila, baina orain Portaaviones eraikinaren albo batean jarri dituzte behin-behinean. Pasa den larunbat eguzkitsuan, Irutxuloko Hitzak linea zuzena hartu zuen Santa Klara uhartera joateko. Aurrez, ordea, Julian Isturiz gidari eta kapitainarekin elkartu zen Aitona Julian II ontzian. «Uztailaren 1ean hasi ginen bidaiekin, dagokiguna baino hilabete beranduago. Egunean eraman ditzakegun bidaiarien erdiak baino gutxiago ditugu», dio ezkor Isturizek.
Zerbitzua abian jarri zutenetik, astean 150-200 pertsonak hartzen dute txalupa motorduna irlara joateko. Asteburutan, berriz, 300-400 izan daitezke. «Azken hamabost urteekin alderatuta, jaitsiera nabarmena izan dugu aurten. Koronabirusak erabat kaltetu gaitu. Kanpoko oso jende gutxi dago, eta bertako erabiltzaileen kopurua ere jaitsi da. Une honetan ez da errentagarria. Dena dela, egunero ari gara zerbitzua ematen, ohiko ordutegiarekin», azaldu du Isturizek. Ordutegia ez ezik, linea urdin eta gorriaren prezioak ere mantendu dituzte. «Azken sei urteetan ez dugu salneurria ukitu. Linea zuzenak 4 euro balio ditu eta linea luzeak 6,5 euro. Egoera zaila bizi dugunez, jendeari ez diogu gehiago eskatu nahi».
Osasun eta segurtasun protokoloa zorrotz betetzen ari dira. «Txalupan derrigorrezkoa da maskara janztea, eta momentuz ontzien erabateko edukiera mantentzen dugu. Aurrera begira ikusi beharko da zein erabaki hartzen diren», esan du Isturizek. Izan ere, etorkizuna «beltz» ikusten du: «Egoerak hobera egin beharrean, okerrera egingo duela uste dut. Itxura txarra du. Konfinamendu berri bat ezartzen badute, ezingo dugu burua altxa. Bai, ezkor nago, baina errealista naiz, eta hankak lurrean ditut». Langile guztiak mantentzea erabaki dute, eta uda ahal moduan pasatzea dute helburu: «Datorren urtea hobea izatea espero dugu».
Hain zuzen ere, datorren urtean Santa Klarak erakargarritasun berri bat izango du. Horren inguruan gauzak argitzeko daudela dio Isturizek: «Itsasargiko proiektua ez zaio interesatzen irlara egun-pasa joaten den donostiarrari. Donostiako Udalak oraindik ez du esan zer asmo duen, eta seguru nago zerbait prestatzen ariko direla. Dena dela, gurekin oraindik ez dira harremanetan jarri».
Eguraldi ona lagun, 11:30eko txalupa bete zen, eta Isturizek irribarre batekin hartu zituen bidaiariak. Donostiarrak ziren gehienak, eta egun-pasa eguzkitsu bat egiteko asmoarekin hartu zuten txalupa motorduna. Horietako laurekin hitz egin zuen hedabide honek. «Urtean behin gutxienez joaten gara irlara. Egun osoko plan ona izaten da. Janaria eta edaria eraman, bainuak hartu eta ondo pasatzen dugu. Turistak ere joaten dira, baina ez ditugu orain arte asko nabaritu», esan du Itziarrek. «Donostiarrentzat leku berezia da uhartea. Hondartzetatik gertu dago, hiritik aparte, baina ondoan. Gustura egoten gara hemen», adierazi du Leirek.
Itsasargiko lanen inguruan galdetuta, kezkatuta erantzun dute biek. «Itsasargiak berrikuntza bat behar zuen, baina ez egiten ari direna. Egoera honetan dirutza hori gastatzearekin ez nago ados. Eskultura horrekin irlaren izaera aldatuko dela uste dut», azaldu du Itziarrek. «Eskultura onuragarria edo kaltegarria izango den ez dut baloratuko. Halere, turismoa erakarriko du, eta horrek irla gozatzen dugunoi galera ekar diezaguke», gaineratu du Leirek.
Iritzi berekoak dira Borja eta Jon. «Hiriko espazio natural bat da, betidanik hemen izan dugu. Eraldatzea ez zait bidezkoa iruditzen. Irlak nazioarteko turismo eskaintzatik kanpo egon behar luke. Itsasargiko proiektuarengatik sarbideak hobetu beharko dituzte, eta horrek irlaren berezko izaera kaltetu dezake», azpimarratu du Borjak. «Nire ustez ez da beharrezkoa, eta kalte egingo dio uharteari. Leku natural eta berezia da guretzat, donostiarron altxorra», esan du Jonek.
Tabernak irauten du
Txalupa motordunak irlako moilan du geltokia, kai-muturraren ezkerraldean. Aldiz, moilaren erdian dago uharteko taberna. Bidaiariek gustuko dute, batez ere, bainu bat hartu aurretik eta ondoren. Egarria eta gosea asebetetzeko leku estimatua da. Lehiaketa publiko baten bidez adjudikatzen da tabernaren erabilera, eta gaur egungo arduradunak dira Luis Fernandez eta Luis Garmendia. «42 urte daramatzat irlako tabernan, eta nire kideak hamar baino gehiago. Hemen, datorren guztiari aurre egiten ikasi dugu. Aurtengoa, ordea, gogorra izaten ari da», azaldu du Fernandezek.
Ziurgabetasun egoeran daude COVID-19aren eraginez, eta Santa Klarako itsasargian egiten ari diren lanek beraien ohiko erritmoa oztopatu dute. «Berez, ekainaren 1ean irekitzen da taberna, baina koronabirusak ekarri zuen lehen atzerapena. Hondartzetako tabernei ekainaren 13an eman zieten baimena irekitzeko. Guri ez, ordea, itsasargiko lanengatik. Moilan obrako materiala izan dute pilatua, eta langileak ondo portatu badira ere, ezin izan dugu normaltasunez aritu. Uztailaren 1ean ireki genuen, eta ondorioz, hilabete oso bat galdu dugu. Horrek ilusioa zertxobait zapuztu digu», azaldu du Fernandez. «Hau dena muntatzeak bere lana du. Hemen ikus daitekeen guztia guk ekarri dugu ontzi batean».
Txalupa motordunarekin gertatu ohi den antzera, asteburutan bezero gehiago izaten dituztela dio Fernandezek: «Pertsona kopurua asko jaitsi da, eta horrek kaltetu gaitu. Astean zehar ikastaroetako neska-mutilak etortzen dira, eta negozioa aurrera eramaten laguntzen digute. Asteburutan lan dezente izaten dugu, baina nabari da jende gutxiago dabilela. Azken batean, hemen eguzkiak agintzen du, eta horri gehitzen badizkiozu pandemia eta obrak, ezin esan egoera onean gaudenik». Uda ahal moduan pasa beharko dutela argi dauka. «Ez dago besterik. Obra buka dezatela, eta egingo dugu balantzea. Iraileko egutegia ere murriztu daitekeela entzun dugu, eta gure zerbitzua are gehiago mugatuko dutela dirudi. Uda motzegia izango da guretzat».
Moilaren erdialdean dago taberna. Aldiz, mutur batean dago irlako hondartza eta beste muturrean arrapala txiki bat. Iragan larunbatean gertatu gisara, eguraldi onarekin biak betetzen dira, eguzkia hartzeko eta bainatzeko. Ordea, beste hainbat bisitarik Santa Klarara igotzea erabakitzen dute. Aldapa pikoa du, eta kosta egiten da goiko aldera iristea. Bidean otorduak egiteko mahaiak daude, gehienak itzaletan. Ez dira dauden mahai bakarrak, baina une honetan ezin dira itsasargiaren inguruan daudenak erabili, eremua itxita dagoelako. Era berean, hainbat bide moztuta daude, bai goialdean eta baita ere beheko aldean. Irla inguratzen duen beheko pasabidearen zati bat itxita dago. Beraz, lanek iraun bitartean uharteaz ezin da behar bezala gozatu.
Mugarri berri bat
Donostiako Udalak 2021eko udaberrirako aurreikusten du Cristina Iglesiasen artelana bisitatu ahal izatea. Udalak adierazi du hiriarentzako mugarri berri bat izango dela. Eneko Goia alkateak pasa den asteartean esan zuen, eta horrekin bat egiten du Kultura eta Euskara zinegotzi Jon Insaustik: «Antzoki Zaharra 1843an zabaldu zenetik, hiriak beti izan du kultura alor garrantzitsu gisa, indartzeko eta sustatzeko ardura. Horren erakusgarri dira, besteak beste, Viktoria Eugeniaren irekiera, udako jaialdien sorrera, hiriko kultur etxeen sarea, Haizearen Orrazia, Bakearen Usoa, Oteizaren Pasealeku Berriko artelana eta Tabakalera. Cristina Iglesiasen lanak mugarri berri bat jartzen du bide luze horretan. Hiriak duen kultura nortasuna eta propioa sakonduz».
Iglesiasek hasieratik Santa Klarako itsasargian irudikatu du hiriari eskaini nahi dion artelana, eta proposamena begi onez ikusi zuen udal gobernuak. Horrek zalantza eta kontrakotasunak sortu dituen arren, artistak hautaturiko lekuan txertatuko da brontzezko eskultura. «Hamarkada askotako ikuspegia izatea beharrezkoa da kasu honetan. Gaur egun itsasargiek modu automatikoan funtzionatzen dute, eta ez dute langilerik behar. Udalerri askok tabernak, jatetxeak eta hotelak jartzeko erabili dituzte itsasargiak. Gure kasuan, arte instalazio bat jartzea erabaki dugu. Garaiak aldatzen dira, eta baita ere eraikin erabilera zein edukia. Horren adibide bikaina da», azaldu du Insaustik.
Ekainaren 1etik irailaren 30era bitarte bisitatu eta gozatu daiteke isla, 2002ko ekaineko udal bandoaren arabera. Itsasargiko artelanak, aldiz, bisitari gehiago erakarriko dituela aurreikusi daiteke. Horren aurrean, Insaustik dio udalak ez duela asmorik uhartera doan txalupa motordunen zerbitzua indartzeko. «Irlara joateko maiztasuna ez da handituko. Dena dela, ikuspegi zabalagoa izan behar dugu. Uhartea beti izan da aisialdirako eta bisitarientzako gunea. Txalupa motordunen zerbitzuko arduradunek aipatzen dutenez, 1980ko hamarkadan urtean 80.000 bisitari baino gehiago jasotzen zituen uharteak. Zortzi ontzi aritzen ziren egunero joan-etorriak egiten. Perspektiba oso garrantzitsua da nondik gatozen ikusteko, eta benetan gertatu dena jakiteko. Gauzak ezin dira soilik epaitu azken bi urtean gertatu dena aztertuz».
Kultura zinegotziaren arabera, «gure paisaian txertatuko den beste elementu berri bat» izango da itsasargiko artelana. «Hiriko kultura sarearen parte izango da kaleko eskultura publikoekin batera. Hortik harago ez dago bestelakorik aurreikusita».
Hainbat talde ekologista itsasargiko proiektuaren aurka agertu dira, eta han egiten ari diren lanak salatu dituzte bideo batzuen bidez. Irudiak esanguratsuak dira, itsasargiaren ingurua soildu, lurrak mugitu eta hainbat zuhaitz moztu direlako. Insaustik garrantzia kendu dio horri: «Itsasargitik atera den lurra uhartean uztea erabaki zen, eta lur horiek orain asentatu egin behar dira. Forma hartu eta belarra hazi egin behar da. Udan zehar gertatuko da hori. Hala ere, egun ezagutzen dugun uhartea ez da beti horrelakoa izan. Iraganean itsasargiaren hainbat lan egiteko lurrak mugitu dira. Itsasargi hondoan dagoen malda edo muinoa ere ez da naturala. Bertatik ateratako lurren mugimenduak dira. Kasu honetan, berdin jokatuko da. Uhartearena den lurra, uhartean utzita».
Erabilera arautu eta bisitariak mugatu
Itsasargiko proiektuak sor ditzakeen ondorioekiko kezka agertu du Bizilagunekin plataformak. Horregatik, Santa Klara irlaren erabilera arautzea eta bisitari kopurua mugatzea eskatu dute. «Artelana itsasargian kokatzera helduko direla nahiko ziur esan dezakegu, baina uhartearen turistifikazioa eta masifikazioa da orain jokoan dagoena. Eskultura horren ondorio kaltegarri gehienak saihesteko garaiz gaude», adierazi dute. Erantzun beharreko galderak daudela diote: «Urtean zenbat hilabetetan bisitatu ahal izango da uhartea? Zenbat itsasontzi eta zenbat bidaiarirekin joan ahal izango dira egunean? Etekin asmoa duten bisitak edo uharteko espazioen okupazioak baimenduko al dira? Azpiegiturak handitzeko asmo ezkuturik al dute?».
Turismoaren ikuspegitik, itsasargiko artelanari errentagarritasuna ateratzen saiatuko direla uste du Bizilagunekin plataformak. «Donostiak bidaia-gidatan, turismo-azoketan eta nazioarteko aldizkarietan bisitariak erakartzeko baliatuko duen elementu bat gehiago da itsasargiko artelana. Hori da 4 milioi euroko aurrekontuak ezkutatzen duena. Donostiarron aurrekontu publikotik 4 milioi euro bideratu dira turistak erakartzera, herritarrok etxebizitzarekin edo krisialdi ekonomikoarekin larri gabiltzan une batean». Hain justu, hiriak «desazkunde turistikoa» behar duela uste dute; «turista gehiago erakartzea ez da izan behar hiriaren helburu estrategikoa horren etekina esku gutxi batzuetan banatzen delako eta kalte sozial, ekonomiko, ekologiko eta kulturalak herritarron gehiengoarengana iristen direlako».
Artelanaren proiektua gaitzetsi duten beste hainbat pertsona eta eragilerekin bat egin dute. Hala nola, Haritzalde, Eguzki, Ekologistak Martxan eta Parkea Bizirik Kukulunbera elkarteekin. «Uharteko ekosistema naturalean sor daitezkeen ondorioak, ondare industrialaren suntsiketa eta gehiegizko gastu publikoa salatzen duten ahotsak agertu dira hirian. Baina beste hainbat aferatan bezala, ez dago guztioi eragiten diguten erabakiak eztabaidatzeko gune irekirik. Erabakia hartua zegoen, alkateak eta udal gobernuak literalki bere marka utzi nahi dute hiriko paisaian».
Babes maila handiagoa
Bizilagunekin plataformak aipatzen duen ahotsetako bat da Joseba Gurutz de Vicenterena. Parkea Bizirik Kukulunbera naturzale taldeko kidea da, eta denbora asko darama eskatzen Santa Klara uhartearentzako babes maila handiagoa. «Donostiako Udalak araudia urratzen du. Uharteko fauna eta landaredia babesteko neurriak ez dituzte. Ekonomia lehenesten dute, natura zaindu beharrean. Uharteko animalia guztiek bakea behar dute, eta horretarako irla gehiago babestu behar da», azaldu du De Vicentek.
Uhartea bisitatzeko epea mugatu eta errespetatu behar dela dio: «Bakarrik udako hilabeteetan bisitatu beharko litzateke, eta, berez, horrela dago arautua egutegia. Dena dela, garai horretatik kanpo ere bidaiak egin eta sustatu izan ditu udalak. Esaterako, Aste Santuan ez da irlara joaten utzi behar. Apirilean bisitatzen baduzu, iraganera itzultzearen parekoa da. Bidean arrautzak ez zapaltzeko saltoka ibili behar da. Naturari arnasgunea eman behar zaio».
Udako lau hilabeteetan itsasargiko artelana ikusteko bisitaldiak antolatzen badira, baldintza batzuk ezartzea ezinbestekoa dela uste du De Vicentek. «Eremu batzuk mugatu behar dira, gehienbat hegaztiek kumeak izaten dituzten lekuak. Bisitak egiten badira, 40-50 pertsonako taldeak ezin dira aske utzi irlan. Jarrera eredugarria izan beharko lukete. Hau da, garrasirik egin gabe eta mugimendu azkarrik gabe. Bestela, hegaztiak uxatuko dituzte, eta ondorioz arrautzak utziko lituzkete. Kumeak izateko garaia oztopatuko lukete».
Irlaren goiko aldean eta itsasargiaren inguruan lanek eragindako «sarraskia» salatu duenetako bat da Parkea Bizirik elkartea. Nolanahi ere, De Vicentek argi utzi nahi du ez dagoela eskulturaren kontra. «Beste leku batean kokatu zitekeela uste dut, baina ingurumen ikuspegitik babesturiko eremu batean jarri nahi izan dute. Zuhaitzak moztu, lurrak mugitu eta animaliak izutzen ari dira lanekin».
Itsasargiko artelanak izan dezakeen nazioarteko proiekzioarekin ere beldurtuta dago. «Zirriborro baten arabera, udan bisitatu ahalko dela eskultura, baina aukera egongo dela ekitaldi berezietarako erabiltzea. Atea irekita utzi dute, eta kezkagarria da. Donostia ekitaldien hiria izanik, eta proiektuan milioiak gastatu ondoren, nazioarte mailan saltzen saiatuko dira». Ildo beretik, Donostiako Udal Gobernua itsasargiko proiektuaz egiten ari den kudeaketa kritikatu du De Vicentek: «Diru publiko asko jarri dute, negozioa pribatizatu dute eta ondare natural zein unibertsala galdu araziko dute».