Onenekin jarraitzen dute
Bizkaiko uretan jokatu dira asteburuko bi estropadak, eta bietan onenekin aritu dira Donostiarraren bi ontziak. Euskotren ligan, Oriok pauso sendoa eman zuen txapelketa erabakitzeko. Bilboko eta Lekeitioko banderak irabazi zituzten, eta bietan Donostiarra bigarren sailkatu zen. Atzo gertuago izan zuten Orio, ia lau segundora geratu zirelako.
Sailkapen nagusian ere bigarren postuari eusten diote. Arraun Lagunakek ez zuen bi estropadetan parte hartu taldeko arraunlari batek COVID-19arekin positibo eman ostean. Ordea, gainerako taldekideek negatibo eman dute PCR proban. Lehiatu gabe ere, sailkapeneko hirugarren postuan jarraitzen dute. Lau bandera falta dira denboraldiari bukaera emateko.
Eusko Label ligan, berriz, Donostiarrak atzo podima zapaldu zuen, eta larunbateko laugarren postua hobetu. Dena dela, ez ziren bi banderen lehian sartu. Bilboko uretan Urdaibai irabazlearengandik 19 segundora geratu ziren, eta Lekeitiko atzoko estropadan, berriz, Hondarribia traineru onenarengandik ia hamar segundora. Sailkapen nagusian hirugarren daude 74 punturekin, eta hiru puntura dute Urdaibai, 77 punturekin.
KAE-1 ligan ez da Donostiarraren bigarren taldearen asteburua izan. Zumaiako estropadan azken aurreko postuan geratu ziren, eta, atzo, Pasai Donibanen azken tokian. Sailkapen orokorrean, hamargarren postuan daude 12 punturekin. Pedreña da liderra 47 punturekin.