Larratxoko igogailu inklinatua martxan jarri dute
Auzotarrek dagoeneko erabil dezakete Larratxoko igogailu inklinatua, eta han bizi direnen mugikortasuna nabarmen hobetuko du. Hiriko bigarren igogailu inklinatua da, Morlanskoa abian jarri ondoren. Larratxokoa egiteko 1,7 milioi eurokoa izan da inbertsioa.
Igogailuak 31 metroko desnibela gainditzen du, eta 100 metro ingurukoa da egiten duen distantzia, segundoko 1,6 metroko abiaduran. Hiri Proiektuetako zinegotzi Marisol Garmendiak igogailuaren garrantzia azpimarratu du: “Minutu baten buruan, Leosiñeta eta Larraundi arteko bidegurutzea gainditzen du, eta Altzako goialdera iristen da. Komunikazioa nabarmen hobetzen du”. Berez, 25 lagunentzako lekua da igogailuaren kabinak. Ordea, COVID-19ak eragindako mugak direla eta, momentuz, bidai bakoitzeko gehienez bost lagunek erabil dezakete.
Bestalde, Larratxo pasealekuko 46-56 atarietako bizilagunekin hitzarturiko obra bat egiten ari dira. Aldapa bidezko sarbide eskailerak kenduko dituzte mugikortasuna hobetzeko.