Metroaren lanen inguruan azalpenak jasotzeko ezohiko Bozeramaileen Batzordea deitzea eskatu du EH Bilduk

Kontxa azpiko metroaren igarobidearen lanetan irregulartasunak salatu ditu EH Bilduk, eta Eneko Goia alkateari eskatu dio ezohiko Bozeramaileen Batzorde bat deitzeko. Gaur Eusko Trenbide Sareak (ETS) adierazi du Kontxako hondartzaren arkupeetan premiazko esku-hartze bat egingo dutela, eta EH Bilduk “iluntasun eta gardentasun eza” salatu ditu.
Uztailaren 20an metroko lanen jarraipena egiteko batzorde ez-iraunkor bat egin zuten udaletxean, eta EH Bilduk esan duenez, prentsaren bitartez ohartu dira esku-hartzeaz, bilera horretan ez baitzuten inungo esku-hartze baten berri eman: “Metroaren igarobidearen obrekin zerikusia duen guztiarekin gertatzen den bezala, oraingoan ere iluntasuna eta gardentasun eza dira nagusi”, dio EH Bilduren udal taldeak.
Bestalde, EH Bilduk gogorarazi du ekainaren 5ean Zubieta kaleko eraikin baten zulaketa dela eta metroaren lanak gelditu zirela. Metroen lanetan izaten ari diren arazo hauek salatu ditu EH Bilduk, eta adierazi dute arazo hauek ez direla bateragarriak Eneko Goia alkatea zabaltzen ari den “lasaitasun mezuekin”.