Donostiako Piraten jarrerak "bultzada politikoa" duela adierazi du Eneko Goia alkateak
Eneko Goia Donostiako alkateak Tokiko Gobernu Batzorde osteko prentsaurrekoa eman du udaletxean, eta Donostiako Piratek berriki egindako adierazpenen inguruan galdetuta, euren jarrera ulertzen ez duela adierazi du: “Ez zait erraza egiten jarrera hori ulertzea, jakin badakidalako Donostia Kulturak lan ildoak irekita dituela eragile askorekin, ahal den heinean jarduerak antolatu ahal izateko, baina oso gauza kontrolatuak izan behar dira”.
Donostiako Piratek igandean sare sozialetan salatu zuten udalak ez duela prestutasunik azaldu jai herrikoiak antolatzeko, eta “oztopoak” baino ez dituela jarri -jai herrikoien aldeko manifestazioa egingo dute larunbatean, 12:00etan-. Goiak esan du ez duela “eztabaida soiletan” sartu nahi, baina jarrera horri “bultzada politikoaren susmoa” hartzen diola: “Harrigarria egiten zait beste udalerri batzuetan horrelako erantzunik egon ez izana, hemen baino neurri gogorragoak hartu direnean jaien inguruan; Hernanin, esaterako. Azalpen bakarra zeinu politikoarena dela dirudi”. Hernaniko alkate Xabier Lertxundik (EH Bildu) San Joan jaien harira egindako adierazpenei erreferentzia eginez esan du hori Goiak.