Haritzaldek demanda berri bat aurkeztu du udalaren aurka, Belartza Goikoa eremuko epaia ez betetzeagatik
Haritzalde Naturzaleen Elkarteak jakinarazi du demanda berri bat jarri diola Donostiako Udalari Belartza Goikoa eremuko ez betetzeagatik, oraindik ez baitu harri betelan ilegala lehengo egoerara bueltatu. Izan ere, 2019ko ekainaren 10ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak udala kondenatu egin zuen Belartzako Mercadona supermerkatuko lanetan indusketako partzela jatorri zuten 120.000 metro kubikoko harri betelana udal lizentzia ilegal baten bitartez babestu izanagatik, eta Belartza Goikoa eremu naturala aurreko egoerara bueltatzeko betebeharra ezarri zion.
Haritzalderen arabera, epai horrek ez du zalantzarik uzten eurek salatutako gertakarien inguruan, eta “Valeriano Urrutikoetxea S.A. (VUSA) enpresa lan klandestinoen arduradun eta udala lizentzia ilegalaren arduradun ezartzen ditu”. Auzitegiak bi hilabeteko epea ezarri zuen zona hori lehengo egoerara bueltatzeko, baina naturzaleek salatu dute oraindik ez dela ezer egin, urtebete geroago.
Haritzaldek azaldu du udalak eta aipatu enpresak lizentzia ilegalaren edukia bete ez izanagatik lehian daudela, eta azken hilabeteotan udala aukerako isunen bidalketan babestu dela, epaia ez betetzeko. “Legearen ez betearazpen bidegabe honek, berriro ere tamaina txikiko elkarte batek bere baliabideak auzitegira jotzeko agortu ditzan behartzen du, lehen irabazi duen hori betearazteko”, gaineratu dute naturzaleek.
“Aurreko ekainean udalbatza politikoki betearzapen subsdioari ekiteko prozeduraren alde agertu zen. Tresna horrekin, udalak betelan ilegala erretiratzeko beharra betetzen ez duen VUSA enpresa arau hauslea ordezkatuko luke, gastuak enpresari leporatuz edo lursailak enbargatuz”, azaldu du naturzaleen elkarteak. Hilabete baten ondoren, ordea, udalak ez du betelana lehengoratzeko pausorik eman, eta Haritzaldek salatu du udalak ez duela epaia betetzeko konpromisorik: “Keinu politikoaz gain, errealitateak berriro udalaren konpromiso eza agerian uzten du ebazpen judiziala betearazteko”.
Bestalde, Haritzaldek gogoratu du Belartza Goikoa AHTaren Astigarraga-Lezo zatiko lanetako zabortegi gisa erabiltzeko asmoa dutela, eta erabaki hori salatu berri dutela Haritzaldek berak eta beste hainbat elkartek