Ikuskizun eta ekitaldietako tekinikariek alarma egoeran jarraitzen dutela salatu dute
Egoera larrian daudela adierazi dute ikuskizun eta ekitaldietako teknikariek larunbat goizean Kursaalen egin duten elkarretaratzean. Festak ospatzearen debekuak kalte handia eragin dietela salatu dute Teknikariok sindikatuko kideek, eta langile askok diru-sarrerarik ez dutela gehitu dute: “Langileen %20ak jada ez du inongo diru-sarrerarik, eta %30ak hilabetean 600 eurorekin bakarrik biziraun behar du”.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren aldetik erantzunik ez dutela jaso adierazi dute, eta negoziazio-mahai baten falta azpimarratu dute. Ikuskizunetako eta ekitaldietako langileen egoera oro har prekarioa dela gaineratu dute, eta hitzarmen kolektibo baten faltak lana oso irregularra eta malgua izatea eragiten dutela diote.
Langileek pairatzen duten egoera salatu ostean, erakunde publikoei “ardura politikoa” izatea eskatu diete, eta pandemia egoera honetan teknikarien lana ez desagertzeko langileak “kontuan hartuko dituen plan espezifiko bat” behar dutela gaineratu dute.
Eskakizunen artean, lanak soldata duin bat bermatu arte 1.200 euroko soldata izateko osagarriak eta autonomoen jarduera-etetea luzatzeko baldintzak berrikustea daude, besteak beste.