Jai herrikoiak aldarrikatzeko manifestazioa egin dute Donostiako Piratek
Gaurkoan Egiako Gladys Enea parkean elkartu dira Donostiako Piratak eta auzoetako jai batzordeetako kideak jai herrikoiak aldarrikatzeko. Manifestazioari ekin aurretik, Txomin Campos piraten kideak hedabideen galderak erantzun ditu, eta garbi utzi nahi izan du segurtasun neurri guztiak betez aldarrikapen eguna dela, eta ez festa egiteko eguna.
Manifestazioa Gladys Enean hasi eta Mandasko Dukearen pasealekutik Gros auzorantz joan da ustekabeko isiltasunean, eta Mirakruz kalean sartzean hainbat kofradietako kideak gehitu egin dira, Eskifaiako eta Xibaroko kideak tartean, 250 pertsona inguruko taldea sortuz.
Zurriola hiribidera iristean sirena hotsa entzun da Kursaal aldetik: Teknikariok sindikatuko kideak ziren, haien aldarrikapenak zabaltzeko egin duten elkarretaratzean. Piratek ikuskizunetako eta ekitaldietako langileen eskakizunak babestu dituzte, baita alderantziz ere. Azkenean, elkarretaratzean zeuden 50 teknikariek txalo artean jaso dituzte manifestatzen ari ziren pertsonak, eta hauek beste txalo zaparrada batez eskertu diete laguntza.
Azkenean manifestazioa kaira iritsi da, eta bozgorailuetatik manifestaziora hurbildu diren pertsonei eskerrak eman dizkiete. Teknikariak, tabernariak eta komertzio txikietako langileak ere oroitu dituzte piratek, eta 2003tik proiektu hau bultzatzen lagundu duten eragile eta pertsona guztiei eskerrak eman dizkiete. Amaitzeko, urte hauetan alboan izan dituzten guztien omenez suziri bat bota dute.