‘Arzak Since 1897’ filmak inauguratuko du Zinemaldiko Culinary Zinema atala
‘Arzak Since 1897’ filmaren fotograma bat. (Argazkia: Donostia Zinemaldia) Asier Altunak Juan Mari Arzak eta haren alaba Elena Arzaken jatetxeari buruzko dokumentala egin du: Arzak Since 1897. Donostia Zinemaldiak jakitera eman duenez, lan horrek irekiko du aurtengo Culinary Zinema saila. Horrekin batera, Angel Parraren Cami lliure/Free Way filma, Oscar Bernacerren La receta del equilibrio, eta Michael Dweck eta Gregory Kershaw zinemagileen The Truffle Hunters lana ere izango dira ikusgai.
Bergarako zuzendaria Zinemaldira itzuliko da, hainbat aldiz parte hartu ondoren. Amama filmarekin leihatu zen Sail Ofizialean 2015. urtean, eta Irizar Saria irabazi zuen. Halaber, Bertsolari (2011) lehiaketaz kanpo aurkeztu zuen, eta New Directors Sailean eta Euskal Zinemaren Galan Aupa Etxebeste! (Gazteriaren Saria, 2005) eta Agur Etxebeste! (2019) aurkeztu zituen, hurrenez hurren; azken biak Telmo Esnalekin batera zuzendu zituen.
Arzak Since 1897 filmak Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroan parte hartu zuen 2018an, eta sukaldaritza tradizionalak egile-sukaldaritza berri bihurtzeraino izandako prozesua aztertzen du, Zinemaldiko arduradunek azaldu dutenaren arabera. Juan Mari eta Elena dira filmeko pertsonaia nagusiak, baina beste sukaldari batzuk ere ageri dira, besteak beste, Ferran Adria, Pedro Subijana, Joan Roca, Karlos Arguiñano, Andoni Luis Aduriz eta Dabiz Muñoz.
Afari tematikoak
Aipatutako lau pelikulekin batera, afari tematikoak egingo dituzte Basque Culinary Centerren, irailaren 21etik 24ra. Hain zuzen, Arzaki buruzko filmari dagokion inaugurazio afaria irailaren 21ean izango da, eta han izango dira Arzaken prestakuntza jaso eta lan egin duten zazpi chef ezagun: Leongo Cocinandos jatetxeko (Michelin izar bat) Yolanda Leon eta Juanjo Perez, Murtziako La Cabaña jatetxeko (bi Michelin izar) Pablo Gonzalez, Donostiako Xarma jatetxeko Xabier Diez, Donostiako Gatxupa jatetxeko Bruno Oteiza, Huelvako Acanthum jatetxeko (Michelin izar bat) Xanty Elias, eta Basque Basque Culinary Centerreko irakasle eta hamaika urtez Arzak Jatetxeko sukaldeburu Fernando Barcena.
Emanaldietarako eta afarietarako sarrerak datorren ostiralean, irailaren 4an, jarriko dira salgai, 9:00etan. Zinemaldiaren eta Kutxabanken webguneen bidez erosi ahalko dira, 70 euroren truke. Filmak ikusteko sarrerak 7,90 euroko prezioan jarriko dituzte salgai; irailaren 14tik aurrera erosi ahalko dira 21eko, 22ko eta 23ko emanaldietarako sarrerak, eta 15etik aurrera, berriz, irailaren 24ko saiorako sarrerak.

