Errondoko mendi-magala egonkortzeko lanak bi astez luzatuko dira
Donostiako Udalak jakinarazi duenez, Errondoko igoerako mendi-magala egonkortzeko lanak aurreikusitakoa baino gehiago luzatuko dira. Joan den uztailaren 1ean hasi zuten obra, eta abuztuaren 31n amaitzeko aurreikuspena zuen udalak. Ordea, lanak egiteko ardura duen enpresak, Zubieder eraikuntzak, amaiera data hamabost egunez luzatzeko eskaera egin dio udalari; horrela, Hiri Proiektuetako Sailak jakinarazi duenez, irailaren 15ean amaituta egon beharko lirateke obrak.
Udalak azaldu duenez, mendi magalaren egonkortze lanetan ari diren langileek aurreikusitakoa baino landaretza ugariagoa aurkitu dute, eta horrek lanak zaildu ditu. Gainera, landaretza horren sustraiak uste baino sustraituagoak daude lurzoruan. “Kontutan hartuta zonako zuhaiztia eta landaretza mantendu nahi dela, beharrezkoa da hondeaketa tentuz egitea; horrek eskulan gehiago eskatzen du”, adierazi dute Hiri Proiektuetako Saileko arduradunek.
Errondoko mendi hegal hori egonkortzeko proiektua 2018ko apiriletik dator, luizi handi bat gertatu baitzen orduan. Geroztik, arazoak izan dira zona horretan, eta iazko abuztuan onartu zuten egonkortze lanak burutzeko proiektuaren kontratazio espedientea, 251.159 euroko aurrekontuarekin.
Obrak egin bitartean, luizia gertatu zenean ezarritako semaforoa mantendu dute, txandakako zirkulazioa arautzeko; halaber, hainbat unetan errepidea moztu dute guztiz. Horrek Dbusen autobusen hainbat lineetan aldaketak eragin ditu: 32, 23 eta B9 dira inguruko horretan ibiltzen diren lineak.