Zinemaldiak 'Wife of a spy' filma hautatu du Perlak atala inauguratzeko
Donostiako Zinemaldiak aurtengo edizioko Perlak sailean lehian arituko diren bederatzi filmak iragarri ditu gaur eta nabarmendu du sail honetako film guztiak nazioarteko zinema-jaialdietan aurkeztu direla —Veneziako Mostran edo Sundancen, esaterako—, baita horietako batzuk sariak ere jaso dituztela.
Atala Kiyoshi Kurosawa zinemagile japoniarraren Wife of a spy dramak abiaraziko du, II. Mundu Gerra hasi aurreko gauean hasten dena. Veneziako Mostrako sail ofizialaren parte izan zen film hau, eta Itailako jaialdi honetan izandako beste bi filma ere hartuko ditu Zinemaldiak atal honetan. Bata, Michel Franco zuzendari, gidoilari eta ekoizle mexikarraren Nuevo orden/New order, errebolta sozial baten ondorioz sortutako estatu kolpe baten bi ikuspuntu jasotzen dituena: emakume gazte batena, eta haren familia aberatsarentzat lan egiten duen morroiena. Bestea, Miss Marx, Susanna Nicchiarelli zinemagile italiarrarena. Honek, Eleanor Marxen —Karl Marxen alaba, eta feminismoa eta sozialismoaren uztarketan aitzindarietako bat— maitasun istorioa kontatzen du, “grinatsua baina tragikoa”.
Perlak ataleko beste film bat izango da ADN/DNA, Maïwenn aktore, zuzendari eta gidoilari frantzesaren bosgarren film luzea, Canneserako hautatua izan zena eta Deauvillen eman berria. Emakume baten istorioa jasotzen du, aitona galdu ondoren identitate krisi bati aurre egin behar diona. Phyllida Lloyd britainiarraren filman, aldiz, ama gazte bat da protagonista eta Herself izena du. Drama hau Sundanceko jaialdiak ere eman zuten. Hain zuzen ere, azken honetan Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuen Never Rarely Sometimes Always filmak, Eliza Hittman estatubatuarrarena, eta Berlinaleko Epaimahailaren Sari Nagusia ere jaso zuen. Bi neraberen istorioa kontatzen du, nahi ez duten haurdunaldi baten ondorioz ezusteko bidaia bat egingo dutenak.
Sundancen erakutsitako beste lan bat izan zen El agente topo / The Mole Agent, Maite Alberdi txiletarraren lana. Kasu honetan, zahar-etxe batean kokatzen da filma, eta protagonista 83 urteko alarguna da, zahar-etxean espioi lanetan sartzen dena. Saila bi opera primak osatuko dute: Florian Zeller eleberrigile eta antzerkigile frantziarraren The Father —Sundancen izandakoa eta Toronton izango dena—eta Yoon Dan-bi hegokorearraren Nam-mae wui Yeo-reum-bam / Moving On — Busango zinema-jaialdian estreinatu eta Rotterdameko zinema-jaialdian saritua—.