"Hemendik denbora batera taberna irekitzeko asmoa daukagu, baina egoera nolakoa den ikusita, ez dakit zer gertatuko den"
Eusko Jaurlaritzak agindu berri bat argitaratu zuen joan den abuztuaren 19an, pandemiaren aurrean ostalaritzako jarduna arautzeko. Sektorearen «kriminalizazioa» salatu, eta bizi duten egoera txarra kritikatu dute ostalariek. Mikel Benito Parte Zaharreko Ordizia tabernako jabeetako bat da, eta bizi duten egoera azaldu du elkarrizketa honetan.
Hedabide honek hiriko ostalariek bizi duten egoerari buruzko erreportaje batean jaso ditu Benitoren hitzak, baita Kino Martinez eta Maitane Uzkudunenak ere; Martinez Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko idazkari nagusia da, eta Uzkudun Sariketa tabernako jabeen alaba eta Spot tabernako jabea. Erreportaje osoa ostiraleko astekarian izango da irakurgai.
Nola dago gaur egun Ordizia tabernaren egoera?
Egoera kaskarra daukagu. Gure taberna txikia da, eta bezeroek eserita egon behar dutenez, ez da ia jenderik kabitzen. Erabaki dugu taberna ixtea denboraldi txiki batean, Eusko Jaurlaritzak jarritako traben aurrean ez daukagulako zereginik. Taberna irekitzen badugu, gastu gehiago izango ditugu irabaziak baino, beraz, ez du merezi irekitzeak.
Nola ikusten duzue sektorearen eta tabernaren etorkizuna?
Ostalaritzaren etorkizunari oso itxura txarra hartzen diot, egia esateko. Nik uste dut establezimendu askok behin betiko itxi beharko dutela, jartzen ari diren trabak ezin dituztelako euren gain hartu. Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Hezkuntza Sailetan ere jo eta su ari dira lanean, eta imajinatzen dut haiek ere oso kezkatuta ibiliko direla, trabak dituztelako ere.
Ostalaritzako hainbat tokik badute marjina txiki bat, esaterako, terrazak jartzeko aukera dutenek. Baina guk ez daukagu aukera hori: gure taberna dagoen kalea oso estua da, eta ezin ditugu mahaiak jarri. Guk adibidez, ez dugu alokairurik ordaindu behar, eta horrek arnasaldi txiki bat ematen digu, hala ere lau familiak jan behar dugu Ordizik ematen duen dirutik, eta egoera oso zaila da. Ez dut imajinatu ere egin nahi alokairua ordaindu behar dutenen egoera.
Ordea, ikusten dugu autobusetan eta hondartzetan gero eta pilaketa handiagoak daudela, baina fokua jartzen dute gaueko tabernetan eta ostalaritzan. Era berean, jaiak egin ez arren, alkateak antolatu ditu hainbat jarduera azken asteetan: esaterako, buruhandiak eta erraldoien kalejirak, eta txarangak; San Joan bezperako sua ere mugatu egin zuen. Sentsazioa dut ari direla beraientzat gauzak egiten, eta horrek kalte egiten digula guri.
Guk hemendik denbora batera taberna irekitzeko asmoa daukagu, baina gauzak dauden bezala egonda, ez dakit zer gertatuko den.
Diru laguntzaren bat jasotzeko aukera izan duzue?
Bere garaian autonomoen zerga ordaindu ziguten, baina martxoan eta ekainean guk ordaindu behar izan dugu, haiek ordainduko zutela esan ziguten arren. Bestalde, enplegua aldi baterako erregulatzeko hainbat espediente ezarri ditugu, baina datorren urtean hori sekulako kezka izango da, ziur asko gehiago ordaindu beharko dugulako Ogasunean. Eman dizkiguten laguntzek denbora batez pixka bat lasaiago bizitzeko aukera eman digute, baina aurrerantzean ondorioak jasan beharko ditugu berdin-berdin.