Pandemia hasi zenetik koronabirus kasuen kopuru altuena zenbatu dute Donostian: 91 positibo
Hainbat herritar Parte Zaharreko Kale Nagusian paseatzen, maskarak jantzita. (Argazkia: Irati Salsamendi) Osakidetzak argitaratutako azken datuen arabera, eguneko koronabirus kasu positiboak izugarri igo dira Donostian: azken 24 orduetan 91 kasu zenbatu dira, eta orotara, 387 positibo zenbatu dituzte azken sei egunetan, ez-Aste Nagusiaren ostean.
Gipuzkoan, Donostian bezalaxe, pandemia hasiz geroztik egun batean izandako koronabirus kasurik gehien zenbatu dituzte: egun bakar batean 215 kasu positibo izan dira. Hain zuzen, orain arteko kopuru altuena izan zen martxoaren 26an (143 kasu positibo), eta azken datuek %50eko igoera ekarri dute. Horren ondorioz, EAEn kutsatze kasu gutxien dituen lurraldea izateari utzi diezaioke laster.
Lurraldean azken egunetan ikusitako joerak errekorraren kopurua aurreratu zezakeen: 100 kutsatzetik gorako kopuruak zenbatu dira Gipuzkoan azken egunetan. Astelehenean, hainbat kutsatze kasu berrik ohartarazita, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hilaren 14an, 15ean eta 16an Komplot eta Tropical Disco diskotekatan egon ziren pertsonei deialdia egin zien, PCR proba egitera joateko; Donostia Ospitaleko aparkalekuaren aurrean egiten ari dira proba horiek. Osasun Sailak ez du jakinarazi zenbat PCR egin dituen bi diskoteka horiekin lotuta, baina argitaratutako azken datuek aldaketa nabarmena erakusten dute: joan den igandean 73 kasu positibo zenbatu ziren, eta asteazkenean, berriz, 91. Halaber, Donostia inguruko hainbat herritan ere igoera nabarmena ikusi da, esaterako, Lasarten eta Errenterian.
Datuek erakusten dutenez, pandemiaren hasieran jasotako kopuru altuenen parera iritsi dira egungoak. Hala ere, Ignacio Garitanok, pandemiaren jarraipena egiten ari den lantaldeko epidemiologoak, azaldutakoaren arabera, COVID-19aren transmisioa moteldu egin da. Bigarren olatua iritsi dela berretsi du, baina orain askoz positibo gehiago detektatzen direla nabarmendu du. Honela adierazi zuen Berria hedabidean egindako elkarrizketa batean: “Martxoko egun zailenetan PCRak orain bezala eginda, 6.000 kasu izango genituen”.
Amara: kutsatze gehien dituen osasun eremua
Erkidegoko osasun eremuen araberako zerrendatzea ikusita, Amarako osasun eremuan zenbatu dira azken egunetako kutsatze gehienak: abuztuaren 19tik 26ra bitartean 93 diagnostiko positibo berri izan ziren. Jarraian, denbora tarte berean, Amara-Erdialdea osasun eremua dago, 35 kasu berrirekin. Aldiz, Bidebietan zenbatu dira positibo berri gutxien azken egunetan: bederatzi.
Abuztuaren 26an argitaratutako datuen arabera, hala banatu dira azken 24 orduetako kutsatzeak Donostiako osasun eremuetan:
Altza-Roteta: 7
Amara Berri: 21
Amara-Erdialdea: 6
Bidebieta: 2
Egia: 11
Gros: 14
Intxaurrondo: 7
Loiola: 7
Ondarreta: 10
Parte Zaharra: 7

