Udalaren eta McDonald's jatetxearen hondakinen kudeaketa salatu dute hainbat herritarrek
Errausketaren Aurkako Mugimenduak deituta, elkarretaratzea egin dute hainbat herritarrek Bretxako McDonald’s jatetxearen aurrean, eta Donostiako Udalaren eta jatetxe estatubatuarraren hondakinen kudeaketa salatu dute, McDonald’s, Goia, Ramos, entzun: birziklapena bai, errausketarik ez lelopean. Hain zuzen, Eguzki Erakunde Ekologistak McDonald’s-ek zabor guztia banandu gabe kalera ateratzen duela salatu du azken asteotan.
EAJ eta PSE-EEren udal gobernuak azken bi legealdietan hondakinen gaikako bilketa eraginkorrago baten alde “ezertxo ere” egin ez duela salatu dute, eta nabarmendu dute donostiar bakoitzak, urtero, 290 kilo errefus sortzen dituela, batez beste. Gipuzkoako herrien artean, biztanleko errefus gehien sortzen duen hiria dela adierazi dute, 2019an 53.000 tona bildu baitziren.
Era berean, McDonald’s jatetxean oso errefus kantitate handia sortzen duela azpimarratu dute, eta astean hiru aldiz ateratzen dutela azaldu dute, “dena nahastuta: plastikoak, kartoiak, janari hondarrak, eta abar”. “McDonald’s-ek eta udalak bikote ezin hobea osatzen dute erraustegia elikatzeko helburuarekin”, gaineratu dute. Udalaren helburua Zubietako erraustegiko labeak beteta mantentzea dela nabarmendu dute, baita salatu ere McDonald’s jatetxeari eta beste hainbat establezimenduri oztoporik jartzen ez diela hondakin guztiak nahastuta ateratzeko.
“Hain eder erakusten diguten Kantauriko Perlak, beste arazo batzuen artean, zabor kantitate izugarria ezkutatzen du erdigunetik urruti samar eraiki duen erraustegiaren labeetan, nahiz eta hor sortzen diren gas eta pozoiek herritarroi eta ingurumenari kalte handia egingo diguten”, salatu dute manifestariek. Era berean, Donostian Gipuzkoako batez besteko materia organikoaren erdia baino gutxiago biltzen dela eta Europak 2020rako agindutako gaikako bilketaren %50etik hamar puntu beherago dagoela azpimarratu dute. Bai McDonald’s-i eta bai udalari, ingurumena aintzat hartu gabe, “negozioa eta Barne Produktu Gordina baino ez zaiela inporta salatuta bukatu dute elkarretaratzea.