«Funtsezkoa da haurrei lasaitasuna helaraztea»
Egiako Aitor Ikastolako ikasleak dira Zigor Zalduaren bi semeak: gazteenak 6 urte ditu, eta zaharrenak 9. EAEko gainerako ikasleak bezala, irailaren 7an, astelehenean, itzuliko dira klasera. Zaldua haserre agertu da Jaurlaritzak ezarritako neurriekin.
Nola ikusten duzu eskolarako itzulera?
Guri oraindik ez digute informaziorik bidali eskolatik, baina entzun ditugu haurrek hartu beharko dituzten neurriak. Nire arrebak beste eskola batean egiten du lan, eta aste honetan aritu da lurrean markak ezartzen, umeen arteko distantzia markatzeko, eta eskola barruan egin beharko dituzten ibilbideak markatzeko.
Nik nabaritzen dut beldur handia dagoela. Gure etxean, nik esango nuke gutxiengoaren gutxiengoa garela, eta gure haurrek, guk bezalaxe, ez dute sinesten honetan guztian. Uste dute fartsa bat dela. Nik uste dut gurasoek beldurra dutenean, haurrek ere beldurra dutela. Guk beste beldur batzuk ditugu, baina ez horiek. Nik ikusten dut gizartea ardiz josia dagoela, eta ardi beltzak falta direla. Banekien manipulazioa egon izan dela beti, baina orain gertatzen ari dena izugarria iruditzen zait.
Ez nago batere ados hartu diren neurriekin, eta ez zait iruditzen osasunarekin zerikusia duten neurriak direnik. Esaterako, aurrekoan, semeetako batek aurrekoan esan zidan ez zuela eskolara joan nahi, maskara jarri nahi ez zuelako. Nik uste dut erabaki politiko argiak direla, eta kolpe batez eskubide pila bat kendu dizkigutela; zer esanik ez haurren kasuan.
Nola uste duzu joango dela ikasturte hasiera?
Bada, egia esan, ez dakit. Erokeria bat iruditzen zait haurrek jasan behar izango dutena, beldurra ematen dit. Uste dut beraien osasun emozionala ez dela kontutan hartzen, eta ez dagoela bermatuta, eta horrek asko kezkatzen nau. Era berean, haserrea eta nazka ere sentitzen ditut. Sentitzen dut ez daukagula modurik haiek defendatzeko. Halaber, arduratuta nago gurasoen aldetik ikusten dudan jarrerarengatik: ikusten dudanez, oso gutxi ari dira mugitzen, oro har, egoera honen aurrean. Gurasoen saretzea oso garrantzitsua da.
Aipatu duzun osasun emozionala bermatzeko, zer eskatuko zenieke hezitzaileei?
Niri sekulako talka eragiten dit egoera honek. Ezinbestekoa iruditzen zait beldurra saihestea, baina helduok, gurasook zein hezitzaileek, beldurra baldin badaukagu, oso zaila da hori ez transmititzea. Hitzez gauzak azaldu arren, eta lasai egoteko esan arren, helduak beldurra badauka, emozionalki hori jasoko dute haurrek ere. Funtsezkoa da haurrei lasaitasuna helaraztea, baina neurri batzuek asko zailtzen dute hori.
Kontziliazioa posible izango da?
Kontziliazioa beti izan da zaila gizarte honetan. Lehengo normaltasun anormalean zaila bazen, orain zer esanik ez. Ero moduan ibiltzen gara, eta gure ordutegiek eta bizimoduek ez dute inolako zentzurik. Ohitu egin gara horretara, baina ez luke horrela behar. Gure beharretara moldatu beharko genituzke ordutegiak eta enpleguak, eta ez alderantziz.