Ziurgabetasuna eta ezinegona ikasturte berriaren hasieran
Ikasturtea hastear da, eta Hezkuntza Sailak COVID-19aren aurrean hezkuntza zentroek ezarri beharreko protokoloa aurkeztu du. Sindikatuek salatu dute eskasak direla Jaurlaritzak hartutako neurriak, eta ez dituela langileak aintzat hartu. Grebara deitu dute hilaren 15erako.
Pandemian zehar hainbat gertakari nabarmendu daitezke, esaterako, alarma egoerak ezarri dituztenean, eta konfinamendua leuntzen hasi zen unea. Horietako une garrantzitsuetako bat izango da haur eta gazteak hezkuntza zentroetara itzuliko diren unea. Joan den astean Cristina Uriartek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak iragarritakoaren arabera, irailaren 7an, astelehenean, hasiko dute 2020-2021 ikasturtea EAEko Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta DBHko lehen eta bigarren mailetan. Aldiz, irailaren 15ean itzuliko dira klasera DBHko hirugarren eta laugarren mailako eta Batxilergoko ikasleak.
Ikasturtearen hasierak kezka handia eragin du, eta Hezkuntza Sailak iragarritako neurriek ziurgabetasuna eta ezinegona sortu dute askorengan. Erreakzioak ere askotarikoak izan dira. Ordezkaritza duten bost sindikatuek –ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT– grebara deitu zuten hilaren 15erako, eta hezkuntza osoari eragingo dio: sare publikoari eta itunpekoari.
Sindikatuek euren desadostasuna azaldu dute, eta kritikatu dute aurkeztutako protokoloa «berandu eta gaizki» iritsi dela. Honela adierazi du Nagore Iturriozek, Steilas sindikatuko Nazio Batzorde Iraunkorreko kideak: «Hartutako neurriak eskasak dira, berandu aurkeztu dituztelako, eta adostu gabeak izan direlako. Orain aurkeztu dituzten neurri horiek duela bi hilabete adosteko aukera bazegoen. Egia da kutsatzeen bigarren olatua orain etorri dela, baina aurreikusi zezaketen lehenago ere». Iturriozen ustez baliabide falta da akats nabarmenetako bat: 1.000 irakasle berri kontratatuko dituztela iragarri dute, baina, pentsa, EAEn 800 ikastetxe inguru baldin badaude, pertsona bat bakarrik tokatuko zaio zentro bakoitzari. Ez da nahikoa».
Donostiako Udala prest agertu da udal baliabideak Hezkuntza Sailaren esku uzteko, horrela beharko balitz. Udal liburutegi eta kiroldegiak horretara bideratuko liratekeela esan du Eneko Goia alkateak. Hala ere, Iturriozen arabera, eskaintza ona den arren, «oraingoz ez da horrelakorik kudeatu».
Ratioak txikitzea
Kudeaketa onaren gakoetako bat ratioak txikitzea dela uste du Steilasekoak. Kasu horretan, eremu gehiago beharko lirateke, eta udalak utzitako espazioak erabiltzea aproposa izango litzateke orduan. Halaber, nabarmendu du horretarako, irakasle gehiago kontratatzea ezinbestekoa izango litzatekeela, ikasleak leku horietara eraman ahal izateko, eta talde bakoitzari lagun egiteko. Era berean, azpimarratu du hezkuntza zentroen ezaugarriak ezagutzea «ezinbestekoa» dela protokoloak diseinatzeko orduan. Neurrien eta zentroen ezaugarrien arteko oreka lortu behar dela uste du Iturriozek: «Esaterako, 1,5 metroko distantzia ezartzeko, ezagutu behar da zein den ikastetxe bakoitzaren dimentsioa, eta neurri horiek betetzeko aukera badagoen; horrela ez bada, Hezkuntza Sailari dagokio baliabide gehigarriak jartzea».
«Beharrezkoak diren baliabideak ez jartzeak pentsarazten digu eskolak irekiko dituztela berriro ixteko. Hau da, iruditzen zaigu ez direla ari benetako ahalegina egiten aurrez aurreko irakaskuntzara itzultzeko», adierazi du sindikatukoak.
Lan eskubideen bermea
Langileen errealitatea ezagutzeari ere garrantzia eman dio, eta. Horrela, Iturriozek salatu du Hezkuntza Sailak alde bateko erabakiak hartu dituela: «Gurekin behin bakarrik bildu dira, protokoloa aurkezteko. Kontuan hartuta 1.000 langile berriren kontratazioa dagoela jokoan, sindikatuekin adostu beharreko zerbait da».
Zentro bakoitzak Hezkuntza Sailak ezarritako protokoloa ezarri beharko du bere egoerara moldatuta, eta zuzendaritza taldeak eta irakasleak horretan ari dira duela egun batzuk. Iturriozen ustez Hezkuntzari dagokion ardura «pasatu» egin diete zentroei: «Protokoloa aplikatu behar da, eta ikastetxe bakoitzak ikusi behar du nola aplikatuko duen: hori izugarrizko ardura da, eta Hezkuntza Sailari dagokio, ez langileei».
Azkenik, azpimarratu du zaurgarrienak diren ikasle eta familien egoerak asko kezkatzen dituela: «Konfinamendu garaian areagotu den arrakala konpentsatzeko, baliabide gehigarriak behar direla argi dago. Kezkatzen gaitu zaurgarrienak diren horien segurtasuna ez bermatzea. Ume horientzat ezinbestekoa da klasera itzultzea une honetan; askorentzat, esaterako, jangelara joan eta jan ahal izateko. Eskolak ez dira edukien transmisiorako leku soilak. Hainbat jenderentzat arnasguneak dira, eta haientzat premiazkoa da itzultzea».