"Taldeak erakutsitako konfiantza, segurtasun eta buru hotzarekin geratzen gara"
Ehuneko ehuna eman zuten Hondarribiko gizonek igandeko Kontxako jardunaldian, eta emaitza bikaina lortu zuten. Urko Redondo Hondarribiko arraunlaria pozik zegoen.
Nola ikusi duzue gaurko estropada?
Oso estropada zorrotza izan da. Itsasoa mugituta zegoen, eta aurkari asko genituen aldamenean. Kanpoko luzean Orio, Zierbena eta gu elkarri aurreratzen aritu gara, parez pare. Hasiera batean, gure arraunketa lortu nahian genbiltzan. Hori lortu ahala, tartea apur bat zabaldu dugu. Animoarentzat beti lagungarria izaten da. Ziaboga eman ostean, olatuak hartzen itzuli gara. Joseba —Amunarriz, Hondarribiko patroia— ikaragarri ondo etorri da, eta bere beste ikuskizun horietako bat eman du. Orio atzean geratu da, baina Zierbenarekin buruz buruka izan gara bueltako luzean. Une batean aurrera joatea lortu dute, baina burua hotz mantendu dugu. Bagenekien horrelako itsasoarekin zazpi segundo ez direla ezer. Olatu batekin parean jartzea lortu dugu, eta beste batekin aurrea hartzea. Erreferentziak onak ziren. Horrela, azkeneko unera arte dena eman dugu, hustu arte, alderik handiena lortzeko.
Lortutakoarekin pozik?
Noski —barrez—. Batik bat, egindako estropadagatik. Pentsatzen genuena egin dugu, eta ehuneko ehuna eman dugu. Gainera, ehuneko ehuna emateak estropada irabazteko eta alde apur bat hartzeko balio duenean, are hobeto. Hala ere, izandako sentsazioekin, eta taldeak erakutsitako konfiantza, segurtasun eta buru hotzarekin geratzen gara.
Nola planteatuko duzue datorren estropada?
Kontxan ezin da ezer egintzat jo. Gure lana egitera etorriko gara, gure ehuneko ehuna ematera, eta zerotik hasiko balitz bezala. Hori eginda, bandera irabazteko gai bagara, ondo. Ehuneko ehuna emanda lortzen ez baldin badugu, zorionak beste norbaiti eman beharko. Edozein kasutan, zazpi segundo izatea beti ondo dator, batez ere astean ondo entrenatzeko eta sentsazio onak edukitzeko.
Denboraldiari dagokionez, hasiera ez zen hain ona izan, eta apurka hobetzen joan zineten. Nola ikusi duzu?
Irregular hasi ginen. Kontxako Banderako lehen jardunaldian 8 segundoko tartea izango genuela esan izan balidate, ez nieke sinetsiko. Baina geure bidea bilatzen joan gara, gauzak egokitzen eta konfiantza hartzen. Emaitzak ere laguntzen hasi ziren, eta zortea ere alde jarri zitzaigun. Horrela sartu ginen ligaren borrokan. Sailkatze estropadara etorri ginenean, oso gustura geratu ginen egindako lanarekin. Gaurkoa ikusita, uste dut garapen polita izan dugula, eta uste dut aprobetxatu behar dugula.