Ibon Errasti: "Babesik gabe sentitzen gara"
Gipuzkoako ostalarien elkarteak bat egin du Espainiako ostalaritza sektorearen gaurko elkarretaratzearekin. 11:00etan hamabost minutuko geldialdia egin dute sektoreari laguntzeko neurriak eskatzeko. Donostiako hainbat establezimenduk ere bat egin dute etenarekin, eta horietako bat da Groseko Barkau taberna.
Ostalaritza zerbitzuen geldialdiarekin bat egin duzue. Zergatik?
Bizirauteko ostalariok behar ditugun laguntzak eskatzeko. Egoera txarrean gaude, eta egunerokoa zaila ari da izaten.
Zein da zuen egungo egoera?
Iazko datuekin alderatuta, gure lana %50 jaitsi da. Zortzi langile ditut eta guztiak ABEEtik –Aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea– ateratzea lortu dut, baina konturatzen ari naiz egoera ez dela berdina. Lana ez da berdina eta jendearen kontsumoa ezta ere. Poteoa hiltzen ari da, barra ez da existitzen. Irtenbideak behar ditugu, ahalik eta azkarren. Babesik gabe sentitzen gara. Badakit egoera konplexua dela, eta guztiontzako laguntzarik ez dagoela.
Bestalde, aitortu behar dut pribilegiatu bat naizela terraza dugulako. Ordea, beste ostalari batzuek ez dute, eta ezin izango diote eutsi egoera honi. Gros auzoari dagokionez, azpimarratu behar da auzo bizia dela establezimenduak direlako. Ordea, dendak eta tabernak ixten badira, auzoak asko galduko du.
Zeintzuk dira irtenbideak?
Aldibidez, lokalen jabeek gauzak erraztu behar dituzte. Bi hilabetez taberna ireki gabe egonda, ez lukete alokairua berdin kobratzen jarraitu beharko. Bestalde, udal zergak denbora batez kobratzeari utzi badiote ere, aurrerago ordaindu beharko ditugu. Zeinek dio orain diru nahikoa egin ahal izango dudala zerga horiek ordaindu ahal izateko? Horrez gain, Europatik laguntzak jasotzen ari dira erakundeak koronabirusak eragindako krisiari aurre egiteko. Laguntza horien zatitxo bat guri ematea nahiko genuke. Halere, etorkizuna beltz ikusten dut.
Irauteko zer behar duzue?
Lan asko egin behar dugu horretarako. Dena dela, horrela jarraituz gero langile kopurua txikitu beharko dugu. Nire ustez oraindik ez da kolpe gogorrena iritsi. Bi aste gehiago pasata egoera zailagoan egongo garela uste dut.