Sara Bilbatua casting zuzendariak jasoko du Zinemira Saria

Sara_Bilbatua

68. Donostiako Zinemaldian Sara Bilbatua (Eibar, 1958) casting zuzendariak jasoko du Zinemira saria. Zinemaldiak eta Ibaia zein EPE/APV ekoizleen elkarteek ematen dute, euskal zinemaren alorrean nabarmena den pertsona ezagun baten aintzatespen gisa.

Azken 25 urteotan, Bilbatua ikus-entzunezko 75 ekoizpenetan baino gehiagotan izan da casting arduraduna, eta Viktoria Eugenia antzokiak hilaren 22an hartuko duen Euskal Zinemaren Galan jasoko du oroigarria.

EHUn Psikologian lizentziatu ostean, Bilbatuak Arte Dramatikoko ikasketak egin zituen Madrilgo William Layton antzerki laborategian. 1994an egin zuen lehen lana casting zuzendari gisa, Santiago Aguilarrek eta Luis Guridik osaturiko tandemak zuzendutako Justino, un asesino de la tercera edad filman. Ordutik, casting arduradun ezagunenetako bat bihurtu da Espainiako Estatuan.

Besteak beste ondorengo filmen casting zuzendaritza egin du: Pedro Almodovarren Todo sobre mi madre eta Hable con ella, Juanma Bajo Ulloaren Airbag, Mariano Barrosoren Extasis eta Los lobos de Washington, Daniel Calparsororen Salto al vacio, Julio Medemen Los amantes del circulo polar, Lucia y el sexo eta Caotica Ana, Guillermo del Tororen El espinazo del diablo eta El laberinto del fauno eta David Truebaren La buena vida.

Tanami Casting izeneko bere agentziaren bitartez telebista proiektu ugaritan ere parte hartu du: La linea invisible, Velvet Coleccción, Tiempos de guerra, Refugiados, Gran Reserva, Gran Hotel, Amar es para siempre, Maitena, Estados alterados, La señora eta Hermanos & detectives. Gainera, 2004an El aire que respiro idatzi eta zuzendu zuen, Eusko Jaurlaritzaren Kimuak katalogoan sartu zen film labur bat.

Bilbatuak Zinemira Saria jasoko du Euskal Zinemaren Galan, eta Bizimina filma proiektatuko dute. Migueltxo Molinak, Pablo Iraburuk eta Jon Maiak zuzendutako film laburra da, dokumentala eta dantza hibridatzen dituena, pandemia garai hauetan suspertuko duen kontakizun bat eratze aldera.

HITZAkide HITZAkide