Aurrez aurreko itzulera "adostua eta segurua" eskatu dute hezkuntza komunitateko langileek
Hezkuntza komunitateko langileak greban daude gaur, hilak 15, eta mobilizazio jendetsua egin dute Donostian, aurrez aurreko itzulera "adostua eta segurua" eskatzeko.
ELA, LAB, Steilas, UGT eta CCOO sindikatuek deitu dute grebara, eta manifestazioan irakasleek, azpikontratatutako langileek (jangeletakoek, garbitzaileek, garraio zerbitzuetakoek, eta abar) eta gurasoek hartu dute parte. Sindikatuen arabera, grebak %65eko jarraipena izan du Euskal Autonomia Erkidegoan.
Mobilizazioa Alderdi Ederretik abiatu da, eta Erdialdeko kaleetatik ibili ondoren, Bulebarrean bukatu da. Han, adierazpen bat irakurri dute manifestariek, eta Eusko Jaurlaritzaren “inprobisazioa” salatu dute: “Sei hilabete izan dituzte eskolarako itzulera prestatzeko, baina hiru aste falta zirenean hasi ginen neurrien berri izaten”. Era berean, nabarmendu dute Hezkuntza sailak “arduragabekeriaz” jokatu duela, momentuz ez dituelako bermatu hezkuntza segurua izateko beharrezko baliabideak: “Irakasleentzako baliabideak jarriko dituztela diote, baina non daude? Bestalde, irakasleentzako soilik izango dira? Zer gertatzen da hezkuntza komunitateko gainontzeko langileekin? Ez badira baliabideak bermatzen, kalteak familiek ordainduko dituzte”. Horretaz gain, azpikontratatutako langileeek Lan Delegazioak grebaren aurrean izandako jarrera salatu dute, “%100eko gehiegizko zerbitzu minimoak” ezarri baitizkiete.
Besteak beste, hauek dira langieen eskakizunak: ratioak jaistea, langile kopurua handitzea hezkuntza komunitateko arlo guztietan, ikasgeletan gehienez 10-15 ikasle egotea (haurreskoletan gutxiago), jangela zerbitzua denentzako bermatzea, egoera zaurgarrian dauden langileentzako baliabideak bermatzea eta kontziliazioa ahalbidetzea.