Donostia Hiria Publikoaren saria jasotzeko hautagaiak Perlak saileko filmak dira

Bosgarren urtez jarraian, Donostiako Udalak Zinemaldiari ematen dion babesa berretsiko du. Horrela, Donostia Hiria Publikoaren Saria banatuko dute, eta Perlak saileko filmak dira hautagaiak. Donostia 2016 Europako Kultura Hiriburuaren legatu gisara sortu zuten saria.
Viktoria Eugenia antzokian proiektatuko dira saileko filmak, eta horien lehen emanaldira joaten diren ikusleek aukeratuko dute irabazlea. Hain zuzen ere, ondorengoak dira: DNA, The Mole Agent, Herself, Miss Marx, Nam-mae wui Yeo-reum-bam, Never Rarely Sometimes Always, Nomadland, The Father, The World To Come eta Wife of a Spy.
Donostia Hiria Publikoaren Sariak bi sari hartzen ditu barnean: film onenaren saria, 50.000 euroz hornitua, eta Europako film onenaren saria, 20.000 eurokoa. Sariaren bitartez, betirako hiriarekin lotuta geratuko dira bi filmak. Zinemaldiaren bukaera galan emango dute saria.
Iaz, Olivier Nakache eta Eric Toledano zuzendarien Hors normes filmak irabazi zuen film onenaren Donostia Hiria Publikoaren Saria, eta Ken Loachen Sorry We Missed You Europako film onenaren irabazlea izan zen.