Ekialdeko Barrutiko ziurgabetasuna salatu du EH Bilduk
Duela aste batzuk, Ekialdeko Barrutiko (Intxaurrondo, Altza, Herrera eta Bidebieta) batzordeko hainbat elkartek salatu zuten barrutiaren funtzionamendu makala: 2019an egin behar ziren 23 proiektuak 2020ra pasa zirela azaldu zuten, baina gaur egun, 2019ko aurrekontuaren exekuzioa %1 baino gutxiagokoa dela nabarmendu zuten. Horregatik, EH Bilduk Manu Narvaez Presidentetzako zuzendariaren agerraldia eskatu zuen udalean, eta atzo egin zen agerraldi hori, “Eneko Goiaren gobernuak hartu behar dituen neurri zuzentzaileak” ezagutzeko.
EH Bilduren arabera, Narvaezek azaldu du 2019ko proiektuak ez zirela urte horretan gauzatu barrutia “jaio berria zelako eta hauteskunde urtea zelako”; 2020an gauzatu ez izana, ordea, COVID-19aren ondorioa izan dela adierazi zuen Narvaezek. EH Bilduk kritikatu du Narvaezek ez zekiela proiektu horiek noiz gauzatuko diren eta ez duela argitu neurri zuzentzaileak hartuko dituzten.
Oposizioko alderdiak salatu du “beste behin ere” agerian geratu dela auzoak ez direla udal gobernuaren “lehentasunen artean sartzen”. Auzoetan inbertitzea inoiz baino garrantzitsuagoa dela deritzo EH Bilduk: “Donostiaren moduko hiri batean, non desberdintasunak egunez egun hazten ari diren, pandemiaren eraginez bizkortzen ari den prozesu batean, inoiz baino beharrezkoagoa da auzoetako bizi- kalitatea hobetzeko neurrietan inbertitzea. Hala eta guztiz ere, Eneko Goiaren hiri ereduak, baita covid-19 garaian ere, zentroko inbertsioak lehenesten ditu, murgilduta gauden turistizazio prozesuarekin koherentzian”.
EH Bilduk kritikatu du Ekialdeko Barrutia dela gaur egun abian den hiriko barruti bakarra, eta aurrekontuaren nondik norakoak azaldu ditu: “Udal aurrekontuko inbertsio-baliabideen % 2,5 esleitzen zaio urtero. Ekialdeko Barrutiaren lehen aurrekontua 2019. urtean jarri zen indarrean, 1.250.000 euroko diru sailarekin. Donostiako Udalaren partaidetzako aurrekontuen prozesuarekin bat etorriz, partaidetza prozesua egin zen Ekialdeko Barrutiaren 2019ko aurrekontuan landu beharreko ekintzak aukeratzeko, eta aurrekontuaren % 55,6 bideratu zen horretara. Beste % 14,8 barrutia osatzen duten auzoen arteko oreka zaintzeko ekimenetara bideratu zen. Azkenik, gainerako % 29,6 barrutiaren udal batzarrak berak aukeratutako ekimenetara bideratu zen. Aurrekontua, ordea, ez zen exekutatu”.
Era berean, oposizioko alderdiak gogoratu du uztailean Ekialdeko Barrutiko “lehentasunezko hamar ekimen” aukeratu zituela barrutiko udal batzordeak, baina salatu du oraindik ez dela horretarako diru partidarik gauzatu, Narvaezen arabera, “Ogasuneko zinegotzi ordezkariak hartutako erabaki baten ondorioz”; barrutiko udal batzordeak, ordea, ez du horri buruzko informaziorik jaso, EH Bilduren arabera.