"Ez gaude Infernuan izugarri gustatzen zaigulako, joateko beste lekurik ez daukagulako baizik"
Gaur egun hamarnaka pertsona bizi dira Infernua auzunean, eta horietako asko “egoera zaurgarrian” daudela jakinarazi du Infernua Bizirik bizilagunen mugimenduak. Sara De Castro brasildarra da bizilagunetako bat, eta azaldu duenez, auzotarrak beldur dira, ez dakitelako zer gertatuko den haiekin udalak Infernurako aurreikusita daukan hirigintza plana martxan jartzen dutenean: “Ez gaude Infernuan izugarri gustatzen zaigulako, joateko beste lekurik ez daukagulako baizik”. Halaber, salatu dute Infernuan bizi diren pertsonak kriminalizatzen saiatzen ari dela udala, eta auzoa “garbitu” nahi dutela.
Bere ustez, horren erakusgarri da joan den astean auzoan izandako polizia operazioa, eta gehitu du “ohikoak” bilakatu direla poliziaren esku-hartzeak. Sarekadaren aurrean, ohar bat zabaldu zuen Infernua Bizirik mugimenduak, “immigrazioaren aurkako operazio arrazista” salatzeko; SOS Arrazakeriak eta Hiritarron Harrera Sareak operazioa gaitzetsi zuten. Igandean, aldiz, manifestazio jendetsua egin zuten, auzoan bizi diren pertsonek jasaten duten kriminalizazioa kritikatzeko. Infernua Bizirik mugimenduak “eusteko” asmo irmoa adierazi du, eta elkartasuna adieraztera deitu ditu herritarrak.
Halaber, nabarmendu dute kriminalizazio ahaleginak Infernuan bizi diren pertsona migratzaileengan erortzen direla; esaterako, Irakunda Agerrea auzotarrak igandean egindako adierazpenen arabera, bera zuria izanda, poliziarekin arazorik izan ez duela esan zuen, eta salatu zuen etorkinen aurka joaten direla soilik.
Hedabide hau Infernuari buruzko erreportaje bat prestatzen ari da, bizilagunen, udalaren eta hainbat gizarte erakunderen ahotsa jasotzeko. Erreportaje osoa ostiraleko astekarian irakurri ahal izango da.
Ibaetako eremu hori eraldatzeko plana abian du Donostiako Udalak. Hain zuzen, Infernuko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren behin-behineko aldaketa onartu zuten joan den irailaren 4an, eta Udalbatzak babestea falta da behin-betiko onartzeko. Gaur egun zutik dauden eraikinak bota eta bi zona proposatzen ditu Plan Orokorrak: “erabilera tertziarioko gunea eta bizitegi eremua”.