Gaur amaituko da hondartza sasoia
Bihartik aurrera ez da izango soroslerik, hondartzainik, banderarik, ezta sarbidea kontrolatzeko hesirik ere Kontxan, Ondarretan eta Zurriolan. Izan ere, gaur da hondartza denboraldiko azken eguna. Aurtengoa ohikoa baino motzagoa izan da, ekainaren 15ean hasi ordez, uztailaren 1ean abiatu baitzen, koronabirusako sortutako egoera dela eta.
Eneko Goia alkateak egokitzat jo du aurtengo kudeaketa, eta denon “ardura” nabarmendu du. Era berean, hemendik aurrera ere zentzuz jokatzeko eskatu die herritarrei, eta hondartzainik izango ez bada ere, aglomerazioak ekiditeko udaltzaingoa adi izango dela esan du.
Komunak zabalik Kontxan eta Ondarretan
Denboraldia bukatu bada ere, Kontxako eta Ondarretako komunak zabalik mantenduko dira bihartik aurrera. Zurriolakoak, berriz, itxi egingo dituzte. Bestalde, kabinak itxi eta urriaren 1an berriro irekiko dituzte, ondo bidean, urte amaierara arte. Orain arte bezala, aldatzeko soilik erabili ahalko dira, dutxarik ez baita izango. Ordutegiari dagokionez, urrian 10:00etatik 18:00etara irekiko dira; azaroan eta abenduan, berriz, 10:00etatik 17:00etara.
Hondartzetako zaborra, behera
Aurtengo hondartza denboraldian zaborrak behera egin du, batik bat, pandemia dela eta egitasmo kulturalak (esaterako, Jazzaldia) eta jaiak (Aste Nagusia, adibidez) egin ez direlako. Guztira, 111 tona jaso dira, horietatik gehienak ontziak —31,5 tona— eta organikoa —7,5 tona—. Gainera, pandemia dela eta, hondartzako hainbat objektu desinfektatzeko lanak nabarmendu ditu Miguel Angel Diez Hiri Mantenuko zinegotziak, hala nola dutxak, iturriak eta zakarrontziak.
Era berean, aurten 3.267 tona harri eta hondar jaso dira uztailaren 1etik irailaren 14ra arte. Iragazi ondoren, 652 tona hare itzuli dira hondartzara, eta beste 200 tona bueltatuko dira aurki.