Igandean soilik oinezkoak eta bizikletak ibili ahal izango dira Kontxa pasealekutik, Europako Mugikortasun Astea dela eta
Donostiako Udalak bat egin du Europako Mugikortasun Astearekin, eta hainbat jarduera prestatu ditu hilaren 16tik 22ra, Isurketarik gabeko mugikortasunaren alde lelopean. Pilar Arana Mugikortasuneko zinegotziak nabarmendu du aurten mugikortasun jasangarrian jarri nahi izan dutela fokua: “Osasun egoerak sortzen dituen zailtasunak gorabehera, departamentuak arreta jarri nahi du aste honetan emisiorik gabeko mugikortasunerako planteamenduak dakartzan onuretan”.
Jardueren artean, igandekoa nabarmentzen da, Kontxa pasealekua itxita izango baita ibilgailu motordunentzat, eta oinezkoak eta bizikletak pasealeku osotik ibili ahal izango dira, baita galtzadatik ere. Horretaz gain, Dbusek Donostia jasangarriaren alde… Mugi zaitez Dbusen sentsibilizazio kanpaina abiatu du bihar bertan, hilaren 16an. Jarraian, Donostiako Mugikortasun Asteko egitarau osoa:
- Irailak 16: Hirian segurtasunez ibiltzeko haur-autonomia jarduerarekin hasiko dute Mugikortasun Astea. Egitasmo hori ikastetxeentzako proiektu pilotua da, hiriko hainbat ikastetxetako sarbideetan bide segurtasuna hobetzeko.
- Irailak 16: Dbusek sentsibilizazio-kanpaina bat hasiko du, eta autobusa garraiobide jasangarri gisa erabiltzea sustatuko du Donostia jasangarriaren alde… Mugi zaitez Dbusen lelopean.
- Irailak 17 eta 19: Hiriko adinekoek eta mugikortasun murriztua dutenek triziklo egokituko ibilaldia egin ahal izango dute Bizikletaz adinik gabe jarduerari esker. Bi egunetan 17:00etatik 18:00etara izango da jarduera, Tabakaleratik abiatuta, erretiratuen hainbat etxetatik aldez aurretik izena eman duten pertsonekin.
- Irailak 18: 17:00etatik 20:00etara, Alderdi Ederren egingo den Cargo Bikes (zamako bizikletak) erakusketan parte hartzeko aukera izango dute familiek. Adinekoek, gazteek eta haurrek bertatik bertara ikusi ahal izango dute horrelako bizikletek hirian duten erabilgarritasuna eta erosotasuna. Sei bizikleta herritarren eskura egongo dira, behar diren osasun neurri guztiak betez.
- Irailak 20: Kontxako pasealekua ibilgailu motordunez eremu guztiz libre bihurtuko da, eta 9:00etatik 21:00etara oinez zein bizikletaz gozatu ahal izango da. Hala, irailaren 22an urtero egiten den Autorik gabeko Europako Eguna aurreratuko da. Pasealekua erdiko eremuaren aldetik moztuko da, Mirakontxako igoerarekin bitan banatzen den puntuan (trafikoari irekita geratuko den igoera), eta Antiguako aldetik, tunelaren beste aldean, Satrustegi eta Zumalakarregi ingurabidean moztuko da.
- Irailak 22: Ruta 25 bizikleta-ibilaldia 10:00etan abiatuko da Alderdi Ederretik. Aurten jarduera sinbolikoa izango da, gaur egungo osasun egoeraren ondoriozko murrizketak direla eta. Beraz, gehienez ere hamar pertsonak parte hartuko dute bizikletarekin zerikusia duten erakundeen ordezkari gisa.
- Irailak 22: Herritarrak Donostiako hiriko oinezkoentzako sarearen plano berria ikustera joan ahal izango dira, Alderdi Ederren.