Tokiko Gobernu Batzordeak Martuteneko eraikin okupatua husteko agindua onartu du
Tokiko Gobernu Batzordeak Martuteneko 27 Industrialdeko Mateo Etxeberri eraikina husteko agindua onartu du gaur goizean, eta eraikina okupatuta duten pertsonei hura “benetan husteko” zortzi eguneko epea ematea egokitzat jo du. Epe horretan eraikina uzten ez badute, “berreskuratzeko espedientearekin” aurrera egingo duela nabarmendu du Eneko Goia alkateak gaur goizeko prentsaurrekoan.
Aipatutako eraikina Ubarburu pasealekuko 27. eta 29. zenbakien artean dago, eta udalaren jabetzakoa da. Eraikina dagoen tokian Torrua Zaharreko espazio libre, bide eta aparkalekuak egitea da ideia. Udalak azaldu duenez, ekainean onartu zen eraikin honi lotutako espedientea, eta hura okupatu duten pertsonek entzunaldia eskatzeko epe bat izan bazuten ere, ez zuten alegaziorik aurkeztu.