Woody Allenen filmaren aurkezpenean protesta bat egingo dute, hiriaren turistifikazioa salatzeko
BizilaLagunEkin plataformak eta Ernai gazte antolakundeak elkarretaratzera deitu dute ostiralerako, hilaren 18rako; 20:30ean izango da protesta, Kursaalaren aurrean. Hain zuzen, 68. Zinemaldiaren irekiera ekitaldian aurkeztuko dute Rifkin’s Festival, Allenek hirian grabatutako filma, eta bi eragileek une hori aprobetxatuko dute hiria bizitzen ari den “turistifikazio prozesu azkar eta bortitza” salatzeko.
Bi taldeek zabaldutako oharrean adierazi dutenez, ez dute onartzen hiriarekin egiten ari direna, eta asmo irmoa azaldu dute “hiria negozio moduan erabili nahi dutenei” aurre egiteko: “Zinema munduan ibilbide garrantzitsua egin duen pertsona batek ez gaitu itsutzeraino liluratuko. Gure bizitzetako aktore protagonistak izateko determinazio osoa daukagu. Ez dugu onartzen gure hiriarekin egiten ari direna”, esan dute.
Horrela, kritikatu dute agintari publikoek Donostia turistifikazio prozesu “azkar eta bortitzera” eramaten ari direla, eta gaineratu dute turista eta inbertsoreak hirira erakarri nahiaren atzean “etekin ekonomiko erraldoiak” lortzen dituzten pertsonak daudela. “Bitartean, herritarron gehiengoak gero eta zailagoa daukagu Donostian bizitzea: etxebizitzaren prezioa, lan-merkatu prekarizatua, kontsumo prezioen igoera, eta abar”, gehitu dute oharrean.
Horrela, bi eskari zehatz egingo dituzte BiziLagunEkin plataformak eta Ernaik; honela adierazi dute oharrean:
- Woody Allen eta Mediaprorekin egindako tratuak eta pelikula grabatzeko erakunde publikoetatik eskainitako zerbitzu eta laguntza oro gardentasun osoz argitzeko. Honek enkarguzko makro iragarki baten itxura handiegia dauka.
- Ez baliatzeko filma Donostia parke tematiko gisa karakterizatzeko eta jarduera turistikoaren sustapenerako. Hirian desazkunde turistikoaren norabidean kokatzeko momentua da. Donostia ez da dekoratu bat eta donostiarrak ez gara figuranteak.
Sexu erasoen salaketa
Zinemagile estatubatuarrak iazko uztailean egin zituen grabazio lanak Donostian, eta hainbat eragilek protestak egin zituzten orduan. Allenen filmaren grabaketak “epe labur eta ertainera bertako bizilagunen bizi-baldintzetan kalteak sortzeko moduko turismoaren hazkundea” eragin zezakeela kritikatu zuten. Horrekin batera, zinemagileari egin zitzaion harrera ofiziala ere kritikatu zuten, haren aurkako sexu abusu salaketak gogora ekarriz.