Zeinu hizkuntza ikastaro bat antolatuko dute Egian
Iaz ere egin zuten zeinu hizkuntza ikastaroa Egian, eta 80 pertsona inguruk parte hartu zuten.
Ikasturte berria hastearekin batera, eta iaz izandako arrakasta ikusita, zeinu hizkuntza ikastaroa antolatuko dute aurten ere Egian. Zeinu hizkuntzako klaseak egiteaz gain, “gorren mundura hurbilketa” egitea nahi dute antolatzaileek: “Ez dugu ahaztu nahi, ez dela soilik hizkuntza bat, gure errealitatea baizik, guztion parte da, eta bidea egiten segi nahi dugu!”, adierazi dute. “Iaz arrakasta ederra izan zuen ikastaroak auzoan, zeinu pote bat eta guzti egin genuen”, azaldu dute antolatzaileek.
COVID-19ak eragindako egoera dela eta, saioak egokitzeko asmoa dute. Ikastaroen hasiera data eta lekua zehaztuta ez dagoen arren, izena emateko aukera ireki dute, parte hartu nahi duten pertsona kopurua ezagutu eta antolatu ahal izateko. Horrela, hainbat talde osatu nahi dituzte, hasi berrientzat zein aurretik jasotako irakaspenei jarraipena eman nahi dietenentzat.
Izena emateko, galdetegi bat bete behar da honako estekan. Bestalde, edozein zalantza, kezka, edo iradokizun duenak antolatzaileei idazteko aukera du honako helbidera mezu bat idatzita: egiazeinuka@gmail.com.