Mugikortasunaren Astea "nahiko eskasa" dela azpimarratu du Kalapie Hiriko Txirrindularien elkarteak
Irailaren 16an hasi zen eta 22an amaituko da Europako Mugikortasunaren Astea, eta Donostiako Udalak, urtero lez, horrekin bat egin eta hainbat jarduera antolatu ditu. Hala ere, Kalapie Hiriko Txirrindularien elkarteak nabarmendu duenez, azkeneko urteetan indarra galdu du, eta aurten “inoiz baino sinbolikoagoa” izango da, programazio “urria” izango baitu, eta horrek “udalaren benetako konpromiso falta” agerian utzi baitu.
Adibideetako bat Autorik gabeko eguna egunez aldatzea izan da. Irailaren 22an izan ohi da, baina asteartea eta lan eguna zenez, igandera, irailaren 20ra, aurreratu du udalak. Elkartearen ustez, “benetako proba” egin behar da, horrek erakutsiko lukeelako posible dela “modu aktiboan edota garraio publikoaren bidez” hirian ibiltzea.
Hori dela eta, hainbat aldarrikapen jaso dituzte adierazpen batean. Batetik, Eneko Goia alkateari hainbat jardueratan bere inplikazioa erakusteko eskatu diote, hala nola Route 25 martxan parte hartzea edo Mugikortasun Astearien inguruko aipamenen bat egitea sare sozialetan. Bestetik, Route25 osatzen duen bizikleta ibilbiderako behar bezalako seinaleak jartzeko eskaera berretsi dute, Gasteizko Eraztun Berdearen antzekoak. Izan ere, aldarrikapen hori hainbat urtez egin dute.
Bestalde, Mugikortasunaren Astea baliatuz, Kalapiek berak hiriko bidegorri-sarea aztertuko du, eta azterketa hori eta hobekuntza proposamenak udalari helaraziko dizkio.