Belartza Goikoa eremuko harriak kentzeko agindua udalaren trikimailu bat izan daitekeela dio Haritzaldek
Haritzalde Naturzaleen Elkarteak jakinarazi duenez, Donostiako Udalak hilaren 11n Belartza Goikoa eremuan ilegalki botatako harriak erretiratzeko agindua eman zuen. Valeriano Urrutikoetxea S.L.U. enpresari zegokion lan hori, baina ez du iaz EAEko Auzitegi Nagusiak emandako ebazpena bete. Ondorioz, harriak kentzeko betearazpen subsidiarioa abiatu du udalak.
Erabakia berri ona dela dio Haritzaldek, baina “itzal handiz inguratuta” dagoela uste dute. Hau da, udalaren trikimailu berri bat izan daitekeela diote. “EAEko Auzitegi Nagusiak 2019ko ekainaren 10ean emandako epaia betetzat ematea eskatu du udalak. Hau da, espedientea artxibatzeko eskatu diote epaitegiari. Udala kondenatu zuen epai bat betetzat hartzea ofizialki erregutu dute”, ohartarazi du naturzaleen elkarteak.
Saibigain XXI promotorak duela gutxi abiatu du tramitazioa Belartza Goikoan hirigintza garapen bat aurrera eramateko. “Gune mistoa eraiki nahi dute, industriala eta merkataritzari bideratutakoa. Udaletxean tramitatzen hasi dira dagoeneko, eta harri betelan ilegala barneratzen du”, azaldu dute. “Garapen horren sustatzaileek bilera publiko batean aitortu zuten ilegalki isuritako lau hektarea estaltzen dituzten materialak ez zituztela erretiratuko. Epaia irmoa izan denetik, udalak erretiratze betebehar horren atzerapena erraztu du, prozedura judizialaren betebeharrarekin zerikusirik ez duten isunak ezarriz enpresari”.
Belartza Goikoan proposaturiko hirigintza proiektu berria ezin da udalaren laguntzarik gabe garatu, Haritzalderen arabera: “Udala, ordea, epaia betetzeko intsumiso diren horiekin eta makina bat aldiz legez kanpo aritu diren sustatzaile berberekin biltzen ari da. Hori gutxi bada, epaiaren artxiboa eskatu du auzitegian. Hori guztia, gainera, lur horien jabeek edozein planeamendu aurrera eramateko eskubideak galdu dituzten ingurumarian gertatzen ari da. Beraz, udalak ahalmen guztia du ingurumen babesa duten lur hauek landa lur izendatzeko eta jabetza bera kentzeko betearazpen subsidiarioaren kostea asetzeko, jabeek ordainduko ez balute”.
Nekane Arzallus zinegotziari publikoki kompromiso hauek betetzeko eskatu dio Haritzaldek: “Azken harria atera arte eta zona lehengoratu arte ez ematea epaia betetzat; epaitegian aurkezturiko espedientea artxibatzeko erregua deusestzatzea, epaia guztiz bete arte; eta Belartza Goikoan legez kanpo aritu diren sustatzaileen mesedetan ez ibiltzea eta gehiago ez negoziatzea”. Horrekin batera, berriz eskatu dute udalak Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra aldatu dezan, industriala den eremua landa eremu izendatuz. “Belartza Goikoa Unanue Landa Parkean barneratu behar da”.