Donostiako euskaltegiek eta Bagera elkarteak hitzarmena sinatu dute, Mintzalaguna egitasmoaren parte-hartzea sustatzeko
Donostiako euskaltegiek eta Bagera Euskaltzaleen Elkarteak hitzarmena sinatu dute, euskaltegietako euskara ikasle helduen artean Mintzalaguna egitasmoaren parte-hartzea sustatzeko. Hain justu, Donostiako AEK, Hitzez, Hizkuntza Eskola Ofiziala, Ilazki, Legazpi 6, Urrats eta Urumea-Altza euskaltegiek sinatu dute hitzarmena.
Elkarlan hori garatzea oso garrantzitsua zela nabarmendu dute sinatzaileek: “Donostiako helduen euskalduntze alfabetatzeak jende asko euskalduntzea lortu du azken urteotan. Bestalde, Bagera elkarteak euskararen erabileran eragiteko Mintzalaguna egitasmoa sortu zuen duela 27 urte. Hortaz, bien arteko elkarlana beharrezkoa da euskalduntze prozesu osoa arrakastaz bukatzen laguntzeko”. Era berean, azpimarratu dute funtsezkoa dela ikasgeletatik harago, euskaldun berriek euskara praktikan jarri ahal izatea: “Ez da nahikoa euskararen ikas-prozesua ziurtatzea, ikasleak bertako euskaldunon komunitatean integratu egin behar dira”.
Mintzalaguna egitasmoaren izen-ematea urriaren 1ean irekiko dute, eta koronabirusaren aurkako segurtasun neurri guztiak hartuta egingo dituzte saioak.