Telesailei buruzko Crossover jaialdia hiru egunekoa izango da
Maiatzean bertan behera geratu ostean, telesailen inguruko Crossover jaialdia egingo dute urriaren 1, 2 eta 3an. COVID-19ak eragindako osasun krisiak nabarmen baldintzatu du jaialdia, eta egitaraua egokitu behar izan dute. Publiko orokorrari zuzenduriko hiru eguneko egitaraua prestatu dute.
Ostegunean hasiko da, 19:00etan, Koldo Mitxelena kulturunean. Telesailen kulturan gero eta sarriago ateratzen den eztabaida bat jorratuko da: Gure aukeren gainetik estreinatzen al dira telesailak? Solasaldi baten bidez, gaur egungo eskaintzaren gorakada handia izango dute hizpide, eta horrek ekoizpenen kalitateari eragiten dion ala publikoak interesatzen zaiona errazago aurkitzea ahalbidetzen duen aztertuko dute. Hiru arlotako hiru gonbidatu ezagunek parte hartuko dute: Mikel Erentxun musikariak, Ander Gonzalez sukaldariak eta Mariasun Quiñones Realeko atezainak.
Ostiralean, Lucia Lijtmaer eta Isa Calderon izango dira gonbidatuak, Deforme Semanal formatu arrakastatsuaren sortzaileak, antzokiak lepo betetzen dituen umorezko showa eta late night feminista kutsuko programa politiko kultural borrokalaria. Atal honetan, emakumeek sortu, idatzi, ekoitzi eta protagonizatutako telesailen gorakadaz arituko dira. Solasaldia Beatriz Martinezek gidatuko du eta Koldo Mitxelenan izango da 19:00etan.
Bukatzeko, larunbatean, zenbait ekitaldi egingo dira Tabakaleran. Lehena, Euskaraz ere bai izango da 12:30ean Kutxa Kultur Plazan, eta Angel Aldarondo, Maddi Castro eta Jon Plazaola izango ditu solaskide, Maitena Salinas moderatzaile dutela, eta 2020an abian jarritako telebistako fikziozko proiektu berriak aztertuko dituzte, hala nola Alardea, Hondar ahoak eta Iheslariak. Bestalde, 17:30ean, Tabakalerako Z Aretoan, Paula Hergar eta Lorenzo Mejinok La vuelta al mundo en 80 series liburuaz hitz egingo dute. 19:00etan, leku berean, Lost telesailari omenaldia egingo diote, bukatu zela hamar urte bete direnean. Alberto Nahum, Alberto Rey eta Marina Suchek telesaila izango dute eztabaidagai, Harri X. Fernandez moderatzaile dutela. Jardunaldia 20:30ean bukatuko da leku berean Friends eta Sexo en Nueva York “aurrez aurre” jarriko dituen norgehiagokarekin. Paula Hergar, Alberto Nahum, Alberto Rey eta Marina Suchek parte hartuko dute.
Jarduera guztiak doan izango dira, edukiera bete arte, eta segurtasuneko eta higieneko protokolo eta neurri guztiak beteko dira. Crossover Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak sustatzen du eta Kultur Factory kultur agentziaren laguntzarekin antolatuta dago.