Beethovenen 250. urteurreneko egitaraua osatzeko zortzi kontzertu berri iragarri dituzte
Luwig Van Beethoven jaio zela 250 urte bete dira aurten eta Donostia Kulturak urte osorako egitarau zabala prestatu zuen. Pandemia iritsi zenean, egitaraua egokitu behar izan zuten, eta irailean hainbat kontzertu egin ostean, urritik abendura zikloa osatzeko zortzi kontzertu iragarri dituzte. Kontzertu horietan, musikari alemaniarraren bi sonata integral entzun ahalko dira.
Horietako bat trioen eta pianorako eta harietarako sonaten integrala da, eta Enseble Sicilianok hainbat kontzertutan eskainiko du, ondorengo datetan: urriaren 4an eta 25ean, azaroaren 22an eta abenduaren 13an. Kontzertu guztietan Julia Siciliano piano jotzaileak parte hartuko du, eta gainontzeko musikariak aldatzen joango dira. Kontzertu guztiak eguerdian izango dira, 12:00etan, Victoria Eugenia antzokian. 15 euroko kostua izango dute.
Bestalde, pianorako sonaten integrala hainbat piano jotzailek eskainiko dute. Miguel Ituarte getxotarrak urriaren 17an eta azaroaren 21ean egingo ditu emanaldiak. 20:00etan izango dira, hauek ere Victoria Eugenian eta 15 euroren truk. Abenduaren 2ko emanaldian, berriz, lau piano jotzaile izango dira: Guillermo Martinez, Alberto Abengozar, Franco Cavalleri eta Josu Okiñena. Bakoitzak sonata bat eskainiko du. Zikloa Jon Urdapilleta piano jotzaile gazteak itxiko du abenduaren 19an, beste hainbat sonatarekin. Kontzertua 20:00tan izango da, hau ere Victoria Eugenian eta 15 euroren truk.