Euskara ikasteko diru-laguntzak eskatzeko epea ireki dute
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta hiriko euskaltegiek Euskaldunizate egitasmoa abiarazi dute, 2020/2021 ikasturtean herritarrak euskara ikastera animatzeko. Kanpaina horren baitan, diru-laguntzak eskatu ahal izango dituzte irailean Donostiako euskaltegi edo zentro homologaturen batean izena eman dutenek. Gaur, urriak 1, ireki dute laguntzak eskatzeko epea, eta azaroaren 23ra arte izango da zabalik. Udalaren webgunean eta Euskara Zerbitzuaren webgunean egin daitezke eskaerak, baita Euskara Zerbitzuaren bulegoetan (Konstituzio plaza, 2) eta Udalinfo bulegoetan (Eason, Arroka plazan, Morlansen eta Altzan) ere.
Urrian hasten diren ikastaroez gain, 2021eko otsailean hasten diren ikastaroak ere diruz lagunduko dituzte, eta aurrez-aurreko ikastaroetarako ez ezik, barnetegientzako, aurrez-aurreko ikastaro telematikoentzako, autoikaskuntzakoentzako eta udakoentzako ere eskatu ahal izango dira diru-laguntzak.

