Urgull mendiko zerbitzu sare berria urtarrilerako prest izatea aurreikusten du udalak
Abuztuan hasi ziren Urgull mendiko zerbitzu sarea berritzeko lanak, eta urtarrilean amaitzea aurreikusten du Donostiako Udalak. Marisol Garmendia Hiri Proiektuetako zinegotziak azaldu duenez, mendiko hainbat gunetan lanetako makinak ikus daitezke, saneamenduko eta elektrizitate sistema berriko hodiak jartzen ari baitira. Hain justu, Damen bateriatik Orixe ikastetxera doan inguruan daude makinak lanean.
Garmendiaren arabera, mendiko zona batzuk estuegiak dira eta haitzak gogorregiak dira, eta ezin dira makinak sartu, beraz, lanak eskuz egiten ari dira. Lanek milioi bat euroko aurrekontua dute, eta bukatzen dituztenean, Urgullek ur hornidura sistema berria izango du, hainbat gunetako zerbitzuak ireki ahal izateko, eta saneamendu sare berria izango du. Horrela, Urgulleko Polboriñak eta Natur Txokoak ez dituzte hobi septikoak erabili beharko –hain justu, Eguzkik hainbat aldiz salatu du Urgulleko saneamenduan hutsune handiak daudela–. Horretaz gain, sare elektrikoa berrituko dutenez, bakarrik garbitzen den komun bat jarriko dute goiko aldeko zabalgunean. Era berean, hainbat bidetako zoladurak konponduko dituzte.