Hilaren 22an egingo dute laugarren 'Indarkeria matxistak nerabezaroan' jardunaldia
Donostiako Udaleko gazteria eta berdintasun sailek IV. Indarkeria matxistak nerabezaroan jardunaldia antolatu dute, eta urriaren 22an egingo dute, Intxaurrondo Kultur Etxean. Aurtengo jardunaldiak Indarkeria matxistari aurre egiteko tresnak, autodefentsa feminista eta sareak izenburua izango du, eta euskara hutsean egingo dute, 09:00etatik 14:00etara. Bereziki nerabeekin lan egiten duten profesionalentzat daude pentsatuta: haurtxoko eta gaztelekuetako hezitzaileak, berdintasun eta gazteria teknikariak, irakasleak eta hezitzaileak, besteak beste. Edukiera mugatua izango da, eta beraz, izena eman beharra dago; hilaren 15era arte eman daiteke, Donostia Gazteriaren webgunean edo inprimaki hau betez.
Hainbat hizlarik hartuko dute parte jardunaldian: Eider Goiburuk, Emagin Elkarteko Idoia Arraizak eta Kattalin Artolak; eta Eihera Kooperatibako Kattalin Minerrek eta Iñigo Etxezarretak. Hain justu, hitzaldi nagusia Eider Goiburu psikologoak eskainiko du, Nerabezaroa, matxismoa eta prebentzio pilulak izenburupean. Nerabezaroari buruzko hausnarketa egingo dute, eta nerabeen errealitatea aztertuko dute, indarkeria matxista non, noiz eta nola pairatzen duten identifikatuz, besteak beste.
Ondoren, bi ikastaro izango dira, aldi berean: Emakumeentzako autodefentsa feminista: sareak, estrategiak eta sororitatea lantzeko ikastaroa Idoia Arraizaren eta Kattalin Artolaren eskutik, eta Zergatik eta nola landu indarkeria matxista, neska eta mutilak bereizita? ikastaroa Kattalin Minerren eta Iñigo Etxezarretaren eskutik. Egitarau osoa, orduz ordu, hemen kontsultatu daiteke.