Adinekoen egoitzetako langileek negoziazioa eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari
Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileak greba egiten ari dira gaur, eta manifestazioa egin dute 11:00etan Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoa plazan duen egoitzatik hasita. ELA eta LAB sindikatuek deitu dute grebara, eta manifestazioa egin dute Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera “eskandalu” bat iruditzen zaielako. Adinekoen egoitzetako langileei Gipuzkoan greba-eskubidea ukatu dietela salatu du ELAk, %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dituztelako. “Greba egin nahiko zuten pertsona askok lan egin behar izan dute gaur”, adierazi dute.
Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langile askok hartu dute parte manifestazioan, eta erresidentzietan dauden adineko pertsonen senideak ere baziren. Izan ere, Gipuzkoako Senideak elkarteak ere bat egin du manifestazioarekin. Gipuzkoa plazan hasi da manifestazioa, eta Bulebarretik segitu dute, Hernani kaletik pasaz Askatasunaren hiribidea zeharkatzeko. Okendo kaletik sartu dira berriz Gipuzkoa plazara, eta eguerdian amaitu dute manifestazioa, txalo artean.
Kalitatezko zaintza eta lan-baldintza duinak lortu arte borrokan jarraituko dutela adierazi dute.