Begoña Urrozen omenezko plaka jarriko dute Amarako topoaren geltoki aurrean
Donostiako Udalak pasa den legealdian abiatu zuen gune publikoan indarkeriaren biktimak omentzeko egitasmoa. Larunbatean, Begoña Urroz Ibarrolaren omenezko oroigarria jarriko dute Amarako topoaren geltokiaren aurrean. Ekitaldi xume eta sentitua egingo diote Urrozi eta haren familiari, 12:00etan Amarako topo geltokiaren aurrean. “60 urte betetzen dira aurten zendu zela, eta Begoñaren izena eta izana gogora ekartzeko une egokia dela uste dugu”, azpimarratu du Nekane Arzallus alkateordeak.
1960ko ekainaren 27an Amarako tren geltoki aurrean jarritako lehergailu batek eztanda egin eta larriki zauritu zuen Urroz 22 hilabeteko haurra. Hurrengo egunean zendu zen zauri larriengatik. “Ama enkargutara joan zen Donostiara, eta haurra bere izebarekin utzi zuen. Eztandak bete-betean harrapatu zuen eta hurrengo egunean zendu zen Perpetuo Socorro erietxean. Urtetan uste izan zen ETAk jarri zuela lehergailua, baina historialarien ikerketak argitu zuten atentatu hori DRIL Directorio Revolucionario Iberico de Liberacion taldeak egin zuela”, azaldu du Arzallusek.