Ikasle Autodefentsa Sarea aurkeztu dute, Donostian
Donostian aurkeztu dute IKAS. (Argazkia: IKAS) IKAS Ikasle Autodefentsa sarea aurkeztu dute, Donostian. Sortu berri duten antolakundeko kideek esan dutenez, “IKAS denbora honetan zehar heziguneetan azaleratu diren beharrei erantzuteko jaiotzen den tresna da, ikasle langileon interesak defendatu eta borrokatuko dituena”.
Hainbat ikastetxetan dauden ikasle autodefentsa sareak elkartuko ditu IKAS-ek, eta ikasleak “subjektu politiko gisa” eratzeko ekarpena egin nahi dute. Horretarako, lau ardatz ditu Ikasle Autodefentsa Sarearen programak.
Lehenik, baldintza ekonomiko eta ikas baldintzei dagokienean, ikasketa prozesu osoaren doakotasuna, ikasleek edukiaren eta ebaluazioaren gaineko kontrola izatea, hezkuntza-segregazioarekin amaitzea eta ikasketa prozesuari dagokion ikastetxeko funtzionamenduaren gaineko kontrola izatea aldarrikatzen dute.
Bigarrenik, “kontrol sozialaren aurkako borroka” egingo dute: “Kontrol-plataforma birtualak” desagertzea eta ikasleek asistentziaren gaineko kontrola izatea eskatzen dute, besteak beste. Hirugarrenik, askatasun politikoak eskatzen dituzte: sindikatzeko eskubidea eta greba-eskubidea, esaterako.
Azkenik, “erasorik gabeko ikastetxeak” lortu nahi dituzte: “Kolektibo zapalduen aurkako mota guztietako erasoekin, jazarpen egoerekin eta jarrera matxistekin amaitzea” eskatzen du Ikasle Autodefentsa Sareak.

