Alegiazko izakien erakusketa, Okendo kultur etxean
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asterako alegiazko izakiei buruzko erakusketa antolatu du Tolosako Topic museoak. Alegiazko izakien erakusketa azaroaren 9ra arte izango da ikusgai Groseko Okendo kultur etxean. 80 txotxongilok osatzen dute erakusketa, eta horietatik erdia lehen aldiz erakutsiko dituzte erakusketa horretan. Izan ere, Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroa da Topic, eta haien biltegietatik lehen aldiz aterako dira txotxongilo asko, publikoak ikus ditzan.
Erakusketa publiko guztientzakoa da. Hala azaldu dute antolatzaileek: “Izaki batzuk, heldu batzuentzat edo kultura jakin batzuentzat beldurgarriak izan daitezkeenak, ez dituzte halakotzat hartzen haurrek, edo beste jatorri batzuetako pertsonek”.
Bestalde, “panpin madarikatuei” buruzko fimak ere proiektatuko dituzte Okendo kultur etxean. Urriaren 9an, Freddy (Historias para no dormir) filma izango da ikusgai, 19:00etan. Narciso Ibáñez Serrador zinemagile espainiarrak zuzendu zuen, 1982an. Urriaren 20an Muñeco diabólico filma botako dute, 19:00etan: Tom Holland estatubatuarrak 1988an egindako Child’s Play filmaren gaztelaniazko bertsioa da. Azaroaren 5ean, berriz, James Ban estatubatuarrak 2007an egindako Dead Silence eskainiko dute, 19:00etan, gaztelaniazko bertsioan (Silencio desde el mal).