Gabonetako argiak azaroaren 28an piztuko dituzte
Normalean baino lehenago piztuko dituzte Donostiako Gabonetako argiak, Noticias de Gipuzkoa egunkariak jakinarazi duenez. Abendua hasieran piztu ohi dira, baina aurten azaroaren 28ra aurreratzea erabaki du Donostiako Sustapenak, asteburu horretako gabonetako erosketekin bat egiteko. Urtarrilaren 6ra bitarte egongo dira argiak piztuta.
Kordobako Iluminaciones Ximenez arduratu da argiteriaz, eta irailetik lanean aritu dira hiriko kaleetan argiak jartzen. Urumea ibaian argiztaturiko kutxak jarriko dituzte, Frantzia pasealekuaren ondoan. Argiteriaren kostua 240.000 euro ingurukoa da, BEZa barne.
Donostiako 103 kale eta zona publikoetan jarriko dituzte argiak. Alderdi Ederren noria erraldoia jarriko dute eta argiztaturiko bola handi bat. Gainera, aurten Okendo plazan Iñigo Aristegi artistaren Besarkadak izeneko argidun eskultura bat jarriko dute. Koronabirusaren eraginez hildakoen omenezkoa da. Zazpi metroko altuera izango du, aluminiozkoa da eta zuriz margoturikoa. Eskultura barrutik pasa ahal izango da, eta esertzeko zementuzko blokeak izango ditu.
Gabonetako azoka
Azaroaren 28an ere irekiko dute Frantzia pasealekuko Gabonetako Azoka. 38 etxola izango ditu, iaz baino %25 gutxiago, segurtasun neurriak betetzeko. Postuen %40 elikadurari loturikoak izango dira, %35 oparienak eta gainerako %25a gabonetako dekorazioarenak. Era berean, janaria eskainiko duten lau furgoneta jarriko dituzte eremuan. Etxolak eta furgonetan 11:00etatik 21:00etara egongo dira zabalik, abenduaren 25ean, urtarrilaren 1ean eta 6an izan ezik. Bakoitzak 1.290 eta 2.420 euro ordaindu beharko ditu Gabonetako Azokan parte hartzeko, nahiz eta Sustapenak %50 baino gehiagoko laguntza emango dien.