Jaizkibel mendia eta bere geologia ezagutzeko erakusketa
Zigor Garcia artista pasaitarraren Haitzaren gibeletik erakusketa ikus daiteke Cristina Enea Fundazioaren Ingurumen Baliabideen Etxean, abenduaren 13a bitarte. Jaizkibel mendiari eta bere geologiari buruzkoa da, eta zeramikazk irudi zein marrazkiekin osatu du. Gainera, 3D teknologiari esker, etxetik bisitatzeko aukera emango duen lehena da. Hemendik aurrera, erakusketa guztietan jarriko dute aukera hori. Erakusketaren bisita gidatuak ere antolatu dituzte, eta helbide honetan kontsulta daitezke.
Inguruneari garrantzia emanez, erakusketa honetan Garciak mendi-ibilbide luzeetan naturarekin lortu duen zuzeneko esperientzia erakusten digu. Land Art mugimendu artistikoak pizten duen kontzientzia ekologistak bultzatuta, Jaizkibel mendiaren magalean eraiki nahi zuten portuaren proiektuagatik arriskuan zegoen paisaia bat bizitzen hasi zen Garcia, oso ezaguna ez den ekosistema berezi bat desagertzeko zorian egon aurretik. “Artea ekintza izateaz gainera, bizitzea ere badenez, begiratzeaz aparte, natura zapaldu, zeharkatu, usaindu, dastatu, ukitu, izerditu, busti eta hausnartu egin behar da. Artea ez baita, gertatu egiten baita”, dio Garciak.