Metroaren igarobidea 2024ra arte ez da abian jarriko
Lanekin jarraitzeko Mirakontxa-Easo zatiaren kontratu berria urtea bukatu baino lehen adjudikatuko dela esan du Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburu Iñaki Arriolak.

Iragarritakoa baino beranduago jarriko da abian Donostiako Metroaren igarobidea. Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspen berriaren arabera, 2024ko bigarren seihilekorako egongo litzateke prest, aurreikusitakoa baino bi urte beranduago. Aldiz, lanak 2021eko uztailean bukatuko direla adierazi dute.
Irailaren 25ean Mirakontxa-Easo zatiko lanen kontratua bertan behera utzi izanak atzeratuko du obra. Euskal Trenbide Sareak adjudikatu zuen kontratu zatia 53,2 milioi eurokoa zen –aurrekontu orokorra 200 milioi euro ingurukoa da–, eta gainkostua “%50 eta %70 artekoa” izango dela baieztatu du Jaurlaritzak. IRUTXULOKO HITZAk horri buruzko erreportajea argitaratu zuen pasa den astean.
Iñaki Arriola, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburua, Eneko Goia alkatearekin elkartu da gaur udaletxean. Ondoren, Kontxako lanak bisitatu ditu, eta metroaren aurkako ekintzaile batzuk azaldu dira Arriola zegoen ingurura, lanak gelditzeko eskaera egiteko. Kontxako lanen aurrean egin du ekitaldia, eta Mirakontxa-Easo tarteko kontratua bertan behera uzteko arrazoiak azaldu ditu, Pedro Marco Garraio sailburuordearekin eta Ernesto Martinez Cabredo ETSko zuzendari nagusiarekin batera. “Izaera geologikoa zuten arazoak Mirakontxa-Easo azpi-tarteko bi puntutan daude, 400 metro eskaseko sektore batean, hondartzaren eta Easo plazaren inguruaren artean”, adierazi du Arriolak.
Lanekin jarraitzeko Mirakontxa-Easo zatiaren kontratu berri bat adjudikatu behar da, “aplikatu behar diren eraikuntzako teknikak ez zeudelako jatorrizko proiektuan jasota”. Izan ere, adjudikazioaren kostua Kontratuen Legeak baimentzen duenaren gainetik dago. “Garrantzitsuena segurtasuna da eta aplikatzen ari diren konponbide geoteknikoak garestiak dira. Hori dela eta, beharrezkoa da proiektu eraberritua lizitatzea, eta, aurreikuspenen arabera, hori urtea bukatu baino lehen egingo da”, azpimarratu du Arriolak. Ordea, ELA sindikatuak ohartarazi du “ezinezkoa” dela adjudikazio berria “hiru hilabeteko epean” egitea. Gainkostua, berriz, “bikoitza edo hirukoitza” izango dela adierazi dute.
Lanak, ‘erritmo onean’
Metroaren igarobidearen lanak “erritmo onean” doazela esan du Arriolak. Batez ere, Lugaritz-Easo tartean, eta baita ere Xabier Zubirin eta Loiola kalean. “Obrak ez daude geldirik, eta lanean jarraituko dugu obran bertan eta administrazio lanetan, ahalik eta lasterren bukatzeko, segurtasunari lehentasuna emanez, batez ere. Jaurlaritza, udala eta herritar gehienak bat gatoz proiektu horren izaera estrategikoa aitortzeko orduan”, adierazi du.
Auzotarrei “pazientzia” eskatu die Arriolak, eta ETSrekin zein udalarekin “harreman zuzena” mantentzeko konpromisoa berretsi du. “Herritarrak, dendariak eta ostalariak informatuta egon daitezen lanen berri ematen jarraituko dugu”.