Zaporeak elkarteak aurreikuspen guztiak gainditu ditu
Nekane Arzallus Donostiako Udaleko Hirigintza Jasangarriko zinegotzia, Peio García Amiano eta Irati Azkue Zaporeak elkarteko kideak, hurrenez hurren. Malen Garmendia Lesbosetik batu zaie telematikoki. (Argazkia: Mikel Elkoroberezibar Beloki) Donostiako udaletxean agerraldia egin dute Zaporeak elkarteko Peio García Amiano eta Irati Azkue kideek, Nekane Arzallus udaleko zinegotziarekin batera. Lesbosen (Grezia) Zaporeak elkarteko koordinatzailea, Malen Garmendia, telematikoki batu zaie Lesbosetik bertatik. Zaporeak elkarteko kideek “eskerrak” eman dizkie euskal gizarteari, Euskal Herri mailako janari bilketak izan duen “arrakastagatik”.
Irailaren 25ean janari bilketa nazionala abiatu zuen Zaporeak elkarteak, “ikaragarrizko larrialdi humanitarioa bizi izan genuelako”, Irati Azkueren arabera. Izan ere, Moriako kanpamentua “kiskalita” esnatu zen irailaren 9an: “Zaporeak elkarteak bikoiztu egin zuen momentu hartan egiten ari zen sukalde lana. Aurrez laguntza eta babesa eskatzen ari ginen, baina momentu hartatik aurrera, laguntza handiagoa behar genuenez janari bilketa nazionalari dei egin genion”, azaldu du Azkuek.
Zaporeak elkarteak zituen aurreikuspen guztiak gainditu ditu: “100.000 kg elikagai biltzea lortu dugu dagoeneko, eta oraindik janaria jasotzen ari gara. Aurreikuspen guztiak gainditu ditugu horrenbeste kilo elikagai adina litro ur erori delako azken bi asteburuetan [Morian]”, azaldu du Zaporeak elkarteko kideak. Lortu duten babes ekonomikoa ere eskertu dute.
Bildatuakoaren zati bat bidaltzen hasi dira Greziara, eta datorren astean beste bidalketa bat egingo dute.
Malen Garmendiak azaldu du larrialdi egoera ez duela suteak eragin: “Larrialdi egoerak urteak daramatza testuinguru guzti honetan. Lesbos uhartea kartzela bat bihurtu dute, kontzentrazio-esparruak sortzen. Giza eskubideak urratu egin dira”.
Nekane Arzallus Hirigintza Jasangarriko zinegotziak Donostiako Udalaren “babesa” azaldu dio Zaporeak elkarteari.

