COVID-19ak eragindako krisiarengatik alokairua ordaindu ezin dutenen zorra barkatzeko eskatu du Azora auzo elkarteak
Azora auzo elkarteak etxebizitzarako eskubidea defendatzen jarraitzen du. Gaur elkarretaratzea egin du Ijentea kalean, Azora putre funtsaren egoitzaren aurrean.
Azoraren esku dauden etxebizitzetako maizterrak dira elkarteko kideak, eta adierazi dute kontratua amaitu zaien bizilagunen alde borrokan jarraituko dutela. Izan ere, ohartarazi dute Ategorrieta hiribideko hainbat familiei jada alokairuan jarraitzeko kontratua bukatu zaiela.
Alokairu kontratua amaitzen zaien bizilagunei isilbidezko luzapena aplikatzen dietela salatu dute, eta honen bidez kontratua hilabetez hilabete berritzen dela, etxebizitza egonkor bat izateko aukera galaraziz. Hilabeteko luzapen hauen aurrean legeak ezartzen duen zazpi urteko luzapenak eskatzen jarraituko du auzo elkarte berriak.
Aldarrikapen nagusia da amaitzen diren kontratuak zazpi urtez luzatzea, baina beste neurri batzuk ere exijitu dituzte, hala nola pandemiak eragindako krisiagatik alokairua ordaintzeko aukerarik ez dutenen zorra barkatzea. Gainera, eskatu dute etxebizitza batzuk oso baldintza txarretan daudela, eta maizter askok 900 euroko kuotak ordaindu arren, ez dira mantenu lanak egiten.
Azpimarratu dute borrokan jarraituko dutela, eta Alokairu Benta Berri eta Kaleratzeak Stop plataformekin elkarlanean putre funtsen aurka lan egingo dutela.
Azora putre funtsak Donostiako 300 familiaren etxebizitzak erosi zituen otsailean. Inmobiliaria Vascogandaren erosketarekin, Azora putre funtsa higiezinen agentzia euskaldunak hirian alokairuan zituen etxebizitzen alokatzailea bilakatu da. Azorak erosi dituen etxebizitzak Grosen, Amaran eta Egian daude.