Ezohikoak, baina biziak
Asteburuan auzoko jaiak ospatzekoak ziren Amara Berrin, baina COVID-19a dela-eta, egoerara egokitu behar izan dute, eta beste modu batera antolatu dituzte. Ezohikoak izaten ari dira, baina erakusten ari dira jai batzordea ez dagoela lozorroan, eta egoera zailenetan ere irudimenari eragin eta auzoa alaitzeko prest daudela.
Txupinazo birtuala egin dute, besteak beste. Aurtengoan hori izan baita aukera bakarra. Jai batzordeko kideak ez dira desagertu, eta jaien alde lanean jarraitzen dute!
Amara Berriko hezkuntza zentroetara ere iritsi da ja giroa. Superxaguren bisita izan dute. Pandemiaren ondorioz eskoletan haur eta langileak oso egoera zaila jasaten ari dira-eta. Haurrek marrazkiz bete dituzte patioko hesiak.
Urtero eraso sexisten aurkako argazkia egin ohi dute auzoan, eta aurten ere ez dute hutsik egin.
Gaur paella txapelketa egingo dute, urtero bezala. Hala ere, aurten bakoitzak bere etxetik hartu beharko du parte txapelketan. Bestalde, jai batzordeak jaietako abestiaren bideoklipa berritu nahi du, eta horretarako, auzotarrei denetariko bideoak bidaltzeko eskatu diete, amaraberri@gmail.com posta elektronikora. Parte-hartzaileek bideoan euren buruak grabatu behar dituzte, “dantzan, kantuan, txiribueltaka, lagunartean…”, jai batzordekoek esandakoaren arabera.Jaietako jarduerak sare sozialetan partekatzeko deia ere egin dute.