Babes ofizialeko beste 109 etxebizitza eraikiko dituzte Txomiñenean
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak asteartean onartu zuen Txomiñenean babes ofizialeko 109 etxebizitza berri eraikitzea. Auzoan garatzeko gelditzen diren Eusko Jaurlaritzaren bi lursailetako batean egingo dituzte etxebizitza horiek, Aintzieta pasealekuan. Berritasun gisa, Bizikide kooperatibak egingo ditu etxe berriak, eta 75 urtez lursailaren erabilera kooperatibaren esku izango da.
Eneko Goia alkatearen arabera, etxebizitzari dagokionez, Txomiñeneko inguru berria amaitzeko gelditzen diren azken jarduketetako bat da onartu berri dutena, izan ere, auzo berriko lehenengo fasearekin amaitzeko, Eusko Jaurlaritzak eraiki beharreko etxebizitzak baino ez dira geratzen.
Lehenengo fasea amaitzear
Lehenengo fasean, 109 etxebizitza berri izango dituen lursailaz gain, Eusko Jaurlaritzak beste lursail bat du ondoan, eta beste 146 etxebizitza egingo dituzte hor. Lanekin hasteko baimena iazko otsailean eman zuen udalak, baina ur kolektore batekin izandako arazoak direla eta, atzeratu egin dira. Beraz, Etxebideren (Eusko Jaurlaritzaren menpe) babes ofizialeko 255 etxebizitza izango ditu auzoak, eta Donostiako Etxegintzaren (Donostiako Udalaren menpe) 162 etxebizitza. Horretaz gain, beste 242 etxebizitza libre, tasatutako 109 etxebizitza eta ostatu emateko ehun bat etxebizitza daude auzo berrian. Azken horietako gehienak auzo zaharreko bizilagunentzako izango dira.