Paula Estevezek Irutxuloko Hitzaren 15. urtemugaren ospakizunean parte hartuko du
Irutxuloko Hitzak 15 urte bete ditu, eta urteurrena ospatzeko, kamiseta eta poltsa berri batzuk plazaratuko ditu. Bi diseinu berrik osatuko dituzte Irutxuloko Hitzaren produktu berriak, eta diseinu horietako bat Paula Estevez (Donostia, 1984) ilustratzaile eta komikilariaren lana da: hark ilustratu du Irutxuloko Hitzaren 15. urteurrena. Paula Estevezek ibilbide oparoa du ilustrazioak eta komikiak diseinatzen, eta donostiarra den arren, Getarian bizi da. Hala ere, bere jaioterriko berriak jarraitzen ditu Irutxuloko Hitza irakurriz.
Egin duen diseinuan Irutxuloko Hitza irakurtzen ari den pertsona bat dago, eta harekin batera, arrautza oskola esferiko batetik irtetzen den lorea ukitzen ari den ile luzeko beste pertsona bat. Kolore zuri-urdineko ilustrazioa «Hartu Hitza» eta «Bizi Hitza» leloek borobiltzen dute, bi pertsonen buruak lore zuri-urdinaren gainetik inguratuz.
Iñaki Martiarena Mattin ilustratzaileak egin du beste diseinua. Bien sormenaren ondorio diren kamiseta eta poltsak aurkeztuko ditugu urriaren 22an, Irutxulo.hitza.eus webgunean. Laster azalduko dugu nola eskturatu dezakezuen urtemugaren harira egin dugun material guztia.
Egin duen diseinuaren harira, Irutxuloko Hitzak luze eta zabal hitz egin du Paula Estevez artistarekin, eta laster irakurri ahalko da elkarrizketa osoa. Bitartean, hona hemen aurrerapena:
Zer irudikatzen du zure diseinuak, eta zein da bere mezua?
Egin dudan diseinuak Irutxuloko Hitzaren hamabost urte hauetako ibilbidea irudikatu nahi du: gutxinaka hazi, loratu eta fruituak ematen dituen proiektua. Donostiarrentzat ezinbesteko informazio iturri bilakatu dena.
Zein izan da zure inspirazio iturria hori diseinatzerako orduan?
Soinean eramateko diseinua izateak, ondoren kamiseta eta poltsetan inprimatzeko sortutakoa, sormen prozesu osoan izan du eragina. Euskarria bera inspirazio iturri izan dela esan daiteke.