"Argi nuen politikagintzara itzultzekotan soilik Herri Batasunarekin izango zela"
Gaur egun, Uliako Auzo Elkartearekin lotzen dute askok Felix Soto. Ordea, ibilbide sozial eta politiko esanguratsua du. IRUTXULOKO HITZAk luze eta zabal hitz egin du berarekin.
Banco Guipuzcoanon nerabea zela hasi zen lanean, eta gutxira sartu zen politika munduan eta auzolanean. 1979tik 1991ra Donostiako Udaleko zinegotzia izan zen Herri Batasunarekin, eta sei urtez Hirigintza saileko burua.
Donostiako Hirigintza ondoen ezagutzen duenetakoa da Soto. Uliako bizilagun gisara hasi zen gai horretan sakontzen, eta lorpen asko lortu ditu 70eko hamarkadatik. Esaterako, 1972an onartu zen Uliako plan partziala haren ekimenez geratu zen bertan behera. 1979an izendatu zuten Hirigintzako arduradun: “Sei urtez hirigintza saileko burua izan nintzen. Lau urte Alkainekin eta bi Labaienekin. Urte horietan hirigintza planak sustatu nituen auzo guztietan”. Besteak beste, kultur etxeen sarea sortu zuen Labaienekin, eta Ibaetako lursail bat desjabetu zuen unibertsitatea han kokatu zedin.
1991n, ordea, sei urteko gaitasungabetzea ezarri eta udaletik kanporatu zuten. Zortzi urte lehenago, 1983an, udaletxeko Espainiako bandera kentzeagatik zigortu zuten. “Pena eman zidan 1995eko Plan Orokorraren onarpenean ez parte hartzeak. Hirigintzan gauza gehiago egiteko gogoa nuen, eta udaletik kanpo jarraitu dut lan horretan”.
Politikagintzara itzultzeko eskaintzak egin zizkioten, baina denei ezezkoa eman zien. “Argi nuen politikagintzara itzultzekotan soilik Herri Batasunarekin izango zela”. Ordea, Uliako Auzo Elkartetik jarraitu du eragiten, eta gaur egun bide beretik jarraitzen du.
Ostiraleko astekarian elkarrizketa osorik irakurri ahal izango da, eta baita webgunean ere.