Lagunekin kantariren 2020ko edizioa urriaren 26an eta azaroaren 2an egingo dute

Intxaurrondo Zaharreko Bizilagun Elkarteak eta Donostia Kulturak euskal kanten ikastaro amaieran Lagunekin kantari programa gauzatu ohi du. Aurtengo edizioa, XIX.ena, ezin izan zen udaberrian egin eta, beraz, udazkenean egingo dute. Zehazki, bi saio izango dira: bata, urriaren 26an, Peio Ospitalekin; bestea, azaroaren 2an, Fermin Balentziarekin. Biak 19:30ean hasiko dira.
Ohiko urtaroan ez izateaz gain, tokia ere aldatu dute. Izan ere, Larrotxene kultur etxean izaten da, eta aurten, berriz, Intxaurrondo kultur etxean egingo dira bi emanaldiak. Bertaratzeko, aurrez gonbidapenak eskatu beharko dira posta-elektroniko (larrotxenekulturetxea@donostia.eus eta intxaurrondokulturetxea@donostia.eus) edo telefono ( 943 29 19 54 / 943 27 93 43) bitartez. Telefonoz deitzeko ordutegia honako hau da: astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:30era. Ospitalen kontzerturako, gonbidapenak urriaren 19tik aurrera eskatu ahalko dira; Balentziaren kontzerturako, berriz, urriaren 26tik aurrera.